OkupaTU Gasteiz eguneko egitaraua eman dute ezagutzera

El Ayuntamiento señaliza el monumento de la Cruz de Olarizu y se niega a su derribo
6 septiembre, 2018
Kontzertuak Sansomendiko jaietan
Sansomendiko jaiak
7 septiembre, 2018

OkupaTU Gasteiz eguneko egitaraua eman dute ezagutzera

OkupaTU
Hala Bedi, Gaztetxea, Auzolana pilotalekua eta Errekaleor “bizi-bizirik daudela” aldarrikatzeko eguna izango da urriaren 6a

Urriaren 6an Gasteizko hainbat gune autogestionatuen urteurrenak ospatuko dituzte Arabako hiriburuan, OkupaTU Gasteiz lelopean. Hala, Hala Bedi irratiaren 35 urteak, Gaztetxearen 30ak, Auzolana pilotalekuaren 10ak eta Errekaleor auzoaren 5ak egitarau zabal batekin ospatuko dituzte beste 20 bat eragileekin batera. “Harro egoteko modukoa da Gasteizek duen herri mugimendua​”, aldarrikatu dute programaren aurkezpenean.

“Urriaren 6a ere, proiektu hauek bizi-bizirik daudela aldarrikatzeko eguna izango da”, agertu dute antolatzaileek. “Urte asko bete ditugu, 80 lau eragileon artean​, baina etorkizunera begirako egun bat izatea nahi dugu urriaren 6a, belaunaldi ezberdinei ateak parez pare ireki​ko dien eguna”, gehitu dute. Hilabete “oso berezien” ostean, “ospatzeko eta aldarrikatzeko egun handiena​ iritsi da”.

Horretarako, urriaren 6an zehar gauzatuko diren ekimen desberdinak eman dituzte ezagutzera. Bazkaria izango da eguneko ekimen nagusietako bat. Tiketak jada salgai daude Parral, Kandela eta Hala Bedi Tabernetan. “Helburua argia da: ehunka pertsona biltzea mahaiaren inguruan, eragile hauen barruan, pasadaz edo kanpoan egon diren belaunaldi ezberdinak herritar guztiokin bilduz”. “Mobiduki” izenarekin, ekintza zentrala egingo dute eguerdiko 13:30etan eta gainontzeko ekimenak gelditu egingo dira momentu horretan.

Goizean zehar ekimen ezberdinak egongo dira: eragile ezberdinek herri azoka osatuko dute Kutxi kalean, umeentzako gunea egongo da Etxanobe plazan, Rafa plazan mahainguruak eta tailerrak eta Burulleriasen jolas okupak​. Gauean,  Gaztetxean, artista lokalek izango dute protagonismoa mikro ireki batekin. Matxete plazan, afaltzeko aukeraz gain, hiru kontzertu egongo dira: Trikoma, Carrocerias Betoño eta Zea Mays.

Mugimendu feministarekin elkarlana eraso sexisten aurka

Egunean zehar eraso sexistarik onartuko ez dela argi utzi dute antolatzaileek. “Gasteizko eragile feministekin elkarlanean gaude edozein erasoren aurrean nola jokatu jakiteko eta erasotzaileak gure espazioetan ongi etorriak ez direla argi uzteko”.

 

OkupaTU Gasteiz