Mozal Legea ezarri dio Eusko Jaurlaritzak Hala Bediri

Maiatzaren 18an Errekaleorreko argi mozketan egindako lanaren aurkako erasoa da isun hau

 

Hala Bediren prentsa oharra:

Maiatzaren 18an Errekaleorreko argi mozketan egindako lanaren aurkako erasoa da isun hau. Isuna desobedituko du Hala Bedik, lege injustuak desobeditzeko dugun legitimitatea mahai gainean jarriz.

Mozal Legea ezarri diote Hala Bediri. Arrazoia, sinplea: Errekaleorreko argi mozketaren jarraipena egitea, gainontzeko hedabideek aukerarik izan ez zuten lekutik Iberdrolaren eta Ertzaintzaren jardueraren berri ematea.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak zeuzkan asmoen jakitun, erresistentziarako prest zeuden goizean goizetik Errekaleorreko bizilagunak. Hala Bediko kide pare bat ere bertan zeuden ordurako, han gertatzen ari zenaren berri emateko.

Beranduago hurbildu ziren komunikabideek, ordea, ez zuten han gertatzen ari zenaren inguruko informaziorik behar bezala emateko aukerarik izan, ertzainek auzora sartzea eragotzi baitzieten. Hori dela eta, han zeuden komunikabide gehienek, kordoi polizialaren bestaldetik ikusi eta kontatu behar izan zuten bertan gertatzen ari zen guztia. Hala Bedi izan zen, beraz, gertatzen ari zena barrutik kontatu ahal izan zuen medio bakarra.

Hala ere, Mozal Legea ez ezik, bestelako erasoak ere jasan behar izan zituen Hala Bedik egun hartan Errekaleorren. Salatu genuen moduan, ertzainetako bat Hala Bediko kideengana hurbildu eta haien kontra kolpeka eta bultzakaka hasi zen sakelakoarekin grabatzen ari zirelako. Kolpe eta bultzakada horien ondorioz, Hala Bediko kazetariari sakelakoa apurtu zioten. Kazetariak orduan, prentsa txartela erakutsi eta identifikatzeko eskatu zion poliziari. Honek, inongo azalpenik eman gabe, prentsa txartela eskuetatik kendu eta nortasun agiria eskatu zion Hala Bediko kideari. Azkenik, eta ahalegin askoren ondoren, txartelak itzuli eta ertzainak bere plaka zenbakia jakinarazi zion kazetariari, tonu mehatxagarrian honako hau gehituz: “sabemos quiénes sois, sabemos que sois del entorno radical”.

Adierazpen horien ostean, publikoki salatu genuen erasoa. Orain, haratago joan dira eta Mozal legea ezarri digute. Tristeak dira, oso, erabili behar izan dituzten argudio faltsuak. Izan ere, isunean justifikatu nahi dutenez, zigorra ez da gure lana egiteagatik. Zigorra, ertzaintzaren esanetan, kordoi poliziala apurtzeagatik, ertzainen aurka egiteagatik … Gezurra, ez dute frogarik gainera. Guk geneukan froga, aldiz, apurtu ziguten mugikorrarekin grabatutakoa zen. Zoritxarrez, ezin izan ditugu artxiboak berreskuratu.

2016ko ekainaren 22an, Eusko Jaurlaritzak “Mozal Legea ez aplikatzeko konpromezua” hartu zuen. Ordutik, ordea, isunak, prozesu judizialak eta kazetariok gure lana egiteko dugun eskubidearen aurkako erasoak, azken hau, Hala Bediri.

Desobeditzeko legitimitatea.

Hala Bediko asanbladak hala onartuta, ez dugu isuna ordainduko. Lege injustu bat den heinean, hau desobeditzeko legitimitatea daukagula uste dugu. Gauzak horrela, ez dugu isuna ordainduko eta epe ertainean prozesu juridiko bat abiatzeko asmoa dugula iragarri nahi dugu.

Herritar guztiok dugu lege injustuak desobeditzeko legitimitatea. Mozal legea, lege horietako bat den heinean, herritarroi orokorrean eta kazetarioi ere erasotzen digu. Mozala jarri nahi diote gure lanari, gure informatzeko eskubideari. Baina ez, gu ez gaude prest horretarako.

Gainera, orain dela bi hilabete esan bezala, zenbait puntu argi utzi nahi ditugu Hala Beditik:

- Herritar guztiok dugu gure inguruko gertaerei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea. Horregatik, ez zaigu bidezkoa iruditzen Errekaleorrera hurbildu ziren kazetariei auzoan gertatzen ari zena kontatzeko aukera ukatzea.

- Hala Bedi izan zen kordoi poliziala saihestuz (polizia baino lehenago heldu ginelako) gertatzen ari zena bertatik bertara kontatzeko aukera izan zuen komunikabide bakarra. Orduko erasoa eta aplikatutako Mozal Legea, poliziaren gehiegikeriak ezkutatzeko helburuz hartutako neurri bidegabea dela uste dugu.

Arabako Herri Mugimenduaren egunerokotasunaren berri ematen jarraituko dugu, mozalik gabe.

 

1 thought on “Mozal Legea ezarri dio Eusko Jaurlaritzak Hala Bediri”

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *