Martxoaren 3ko sarraskian emakumeek jokatuko paperaren inguruko liburua aurkeztuko dute M3moria Gunean

«Por mi cuenta», corto ganador de la cuarta edición del Festival Zinexpress
20 noviembre, 2018
Jornada de puertas abiertas en el Reutilizagune
21 noviembre, 2018

Martxoaren 3ko sarraskian emakumeek jokatuko paperaren inguruko liburua aurkeztuko dute M3moria Gunean

«3M MemriA: Las mujeres de Gasteiz en la matanza del 3 de Marzo» liburua Zuriñe Rodríguez, Itziar Mujika eta Nora Mirallesen lana da

1976ko martxoaren 3ko sarraskian eta gertakarietan Gasteizko emakumeek jokatutako paperaren inguruko liburua aurkeztuko dute azaroaren 23an, ostirala, M3moria Gunean 18:30etan. «3M MemriA: Las mujeres de Gasteiz en la matanza del 3 de Marzo» Zuriñe Rodríguez, Itziar Mujika eta Nora Mirallesen elkarlana da.

20 bat emakume elkarrizketatu dituzte liburua osatzeko, euren bizipenak bilduz martxoko egun horietan emakumeen papera ezagutarazteko.

Gizarteak Gasteizko emakumeekin duen zor historikoetako bat jasotzen du liburuak. 1976ko martxoaren 3ko zoritxarreko gertaera haiek lehenengo pertsonan bizi zuten hogei emakumeren historiak azaltzen dira bertan. Protagonistak sarraskiaren eta honen ondorioen lekuko zuzenak izateaz gain, gertakari latz hauen aurreko hilabeteetan izan ziren greba eta protestetan parte aktiboa izan zuten, bai eta hauek gertatu ondorengo inpunitatearen kontrako borrokan.

Emakume hauek enpresa ezberdinetako emakume langileak dira, etxe barruan ere langile direnak, bikote sentimentalak dira, seme-alabak langileak dituztenak, eraildakoen senitartekoak edota aktibista feministak dira. “D” egunaren aurretik burutu ziren asanbladetan egon ziren emakumeak dira. Greba hauek jarraitu ahal izateko antolatu zirenak. Langileen eskubideen alde borrokatu zutenak. Ospitaleetan zaurituak zaintzen zituzten bitartean ustekabean eurek ere zaurituak izan ziren, mediku, erizain eta laguntzaileak dira. Ikusi ez zirenak izan ziren. Hauek gabe, sarraskiaren ondorioak askoz larriagoak izango lirateke oraindik ere: euren etxeetako ateak ireki zizkieten martxoaren hirugarren hartan San Frantzisko eliza ingurutik erabat izututa alde egiten zuten ehunka eta ehunka pertsonari.

Liburu honen helburua da, hiriaren memoria kolektiboa osatzea emakume hauen ahotsaren bitartez. Lan honek isilean gorde direnen ahotsa entzuteaz gain, euren atsekabea aitortu, kaltea erreparatu eta beraien bizipenak aitortu nahi ditu, poliki-poliki, 1976ko martxoaren 3ko gertakarien egi feminista bat bermatuko duten oinarriak ezartzeko.

Emakumeen paper hori 2018ko martxoak 3ko mobilizazioen ardatzetako bat izan zen. “Emakumerik gabe 1976ko mobilizazioak ez ziren posible izango”, adierazi zuten. “Euren papera eta balioa aitortzeko momentua dela uste dugu eta aitortza hori berandu datorrela badakigu”, gehitu zuten.