Izaskun Arrueren, Gasteizko lehen andereñoaren, omenezko liburua aurkeztu dute

Umbra Light Festival llenará de arte y luz los espacios más emblemáticos de Gasteiz
5 diciembre, 2018
Leire Garai repite como campeona del cuatro y medio
10 diciembre, 2018

Izaskun Arrueren, Gasteizko lehen andereñoaren, omenezko liburua aurkeztu dute

Arrueren figuraren bitartez Gasteiz eta Arabako euskararen historia laburtzen du Izaskun Arrueren urratsen atzetik’ liburuak

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak argitaratu dute ‘Izaskun Arrueren urratsen atzetik’ liburua, Miel A. Elustondok idatzia. Horren bidez, omenaldia egin nahi zaie, batetik, XX. mendearen hasieran euskaraz eskolaratzea sustatu zutenei eta, bestetik, Gasteizko lehenengo andereñotzat jotzen denari. Aldi berean, Arrue Gasteiz eta Arabaren euskalduntzea sustatzen hasi zeneko garaia ere aztertzen du argitalpenak.

Hain zuzen ere, 1963 abenduaren 4an hasi zen Izaskun Arrue euskaraz eskolak ematen ume talde txiki bati, bere etxean bertan (Zerkabarren kaleko 9.ean). Erregistroen arabera, garai hartan Gasteizen euskararen alde egindako lehen jardueretako bat izan zen hori, eta hirian zein lurraldean euskara berreskuratzeko mugimenduaren hazietako bat. Gerra aurretik euskara ikasten hasi ziren pertsonen garrantzia ahaztu gabe. Haien seme-alabak izan ziren Arrueren lehen ikasleak, hain zuzen.

Arrueren figura abiapuntutzat hartuta, azken hamarkadetan Arabako eta Gasteizko euskararen historia laburtzen du egileak. Hainbat protagonistaren berri ematen du: Pilar Landaburu, Andoni Perez Cuadrado, Isabel López de Uralde, Pedro Anitua, Ramón Narbaiza, Peli Romarategi, Andoni Urrestarazu, Peli Presa, Peli Martin, Juan Enekotegi, Jose Antonio Arriola, Terese Urrestarazu, Rafa Etxegarai, Felix Razkin, Pako Eizagirre, Jose Maria Allur, Pruden Sudupe, Eusebio Osa…  Baita zenbait proiektu eta lekuren berri ere: Errepublikako ikastola, Ramiro de Maeztu, apaizgaitegia, Estibalizko santutegia, Jesus Obrero…

Gasteizko lehenengo andereño gisa ezaguna izan arren, Izaskun Arruek beti azpimarratzen zuen ikasleen gurasoen ahalegina. Arrue hil zenean, 2016an, sortu zen liburua argitaratzeko ideia, eta orduan hasi zen egilea haren istorioak aztertzen. ‘Izaskun Arrueren urratsen atzetik’ liburuan jaso dira orain, 120 orrialdetan eta koloretako argazkiez hornituta; 12 euroan jarriko da salgai liburu-dendetan.