Hitz Adina Mintzo zikloak 4. ikasturtea hasiko du irailaren 20an, UEUko eskaintzaren barnean

carlos mena
Euskal musikari omenaldia Printzipal Antzokian
12 septiembre, 2018
Santiago de Compostela
Baskonia ya conoce su rival para la primera semifinal de la Super Copa Endesa
13 septiembre, 2018

Hitz Adina Mintzo zikloak 4. ikasturtea hasiko du irailaren 20an, UEUko eskaintzaren barnean

hitz adina mintzo
Mapuzugun-a, maoriera, bretoiera, hassaniera, parmera eta lemkera hurbilduko ditu aurten

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloak laugarren ikasturteari ekingo dio irailaren 20an. Gemma Sanginesek inaugurazio hitzaldi bikoitza eskainiko du egun horretan «Nork esan zuen Gasteiz ez dela euskalduna?» izenpean; lehena 11:00etan UPV/EHUko Letren Fakultateko Gradu aretoan eta bigarrena 19:00etan Oihanederren. Bertan hizkuntza aurreiritzien inguruan arituko da.

Urrian mapuzugunaren txanda izango da Wallmapu Euskal Herria elkarteko Iban Gartziarekin. Azaroan Imanol Miner normalizazio teknikariak Zelanda Berriko maoriera aurkeztuko du. 2019an urtarrilean Metig Jakez-Vargas kazetaria bretoieraz arituko da eta otsailean Elyem Chej Gizarte Hirigintzako teknikariak Saharako hassanieraz. Sara Agnetti fisioterapeutak parmera hurbilduko du martxoan eta bukatzeko, apirilean Jon Mikel Intsausti informatikariak lemkera izango du hizpide.

UEUren eskaintzaren barruan

Aurten lehen aldiz zikloa UEUren (Udako Euskal Unibertsitatea) eskaintzaren barruan sartu da. Horiek horrela, parte hartzeko izena eman beharko da UEUren webgunearen (https://buff.ly/2MNDUlO.) bitartez. Ziklo osoak 25 €ko prezioa du. Saio solteetan parte hartzeko aukera ere egongo da. Kasu honetan 5 € ordaindu beharko da saioko. Gemma Sanginesen aurkezpen saioa doakoa izango da. Aurten ere zikloak UPV/EHU, Garabide eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren babesa du.

2015etik hizkuntza gutxituen errealitatea ezagutzen

Oihaneder Euskararen Etxeak 2015ean sortu zuen Hitz Adina Mintzo, Beñat Garaiorekin elkarlanean. Zikloak munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea eta hizkuntza aniztasuna balorean jartzea eta ezagutaraztea du helburu. Bertan hilero, hiztun ezberdinek, nor bere hizkuntzan aditua, hizkuntza bat aurkezten du. Saio bakoitzean marko teorikoa eskaintzeaz gain hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko tailerrak egiten dira.

2015etik hona Europako galiziera, asturiera, aragoiera, katalana, galesera, gaskoiera, guernseyera, frisiera, Irlandako gaelera eta kaxubiarra, Amerikako nawatera, quichuera, kaqchikelera, maya yucatekoa, lenkera eta ekialdeko txerokiera , Asiako kurduera eta hokkienera, Afrikako tamazightera eta mundu mailako esperantoa eta zeinu hizkuntzak landu dira. Saioen bideoak Oihanederren Youtubeko kanalean daude ikusgai.