AEK-ak jasoko du aurtengo Txosnisaria

Errekaleor Bizirik eta Berriztu Txosna Batzordera batu dira eta Errekaleorrek bere txokoa estreinatuko du

Gasteizko Jaiak hasteko aste gutxira, Gasteizko Txosnek aurtengo jaien inguruko berriak zabaldu dituzte. Besteak beste, Txosnisaria nork jasoko duen eman dute ezagutzera bai eta txosna berriak jarriko dituzten kolektiboen izenak.

Urtero bezala, Txosnisaria banatuko dute aurten ere. “Herrigintzan nabarmendu diren pertsona edo eragileak omendu” nahi duen sari hau AEK osatzen duten “irakasle, bolondres eta ikasle” guztiei eskaini diote oraingoan,”Korrikak 20 urte bete dituen honetan”. “Hainbeste urtetan zehar euskara ikasteko aukera eman digute gutako askori eta lan garrantzitsua egin dute Gasteizko txosna giroa euskalduntze aldera”, azaldu dute.

Bestalde, Txosna Batzordera Berriztu eta Errekaleor Bizirik kolektiboak batu dira. Horrela, Errekaleorrek bere txokoa estreinatuko du Unibertsitateen eremuan. “Hortaz, gaur egun, Gasteizko Txosnak 10 kolektibok osatzen ditugu: Askapena, Gazte Karpa, Berriztu Araba, Mugimendu Feminista, Iraultza 1921, Kalera Kalera, Hala Bedi, Arabako Bertsozaleen Elkartea, Errekaleor Bizirik eta Sukalde Gerrilla”, agertu dute.

Txosnagunea 8 txosnek, bi karpek eta karpa amankomun batek osatuko dute. Batzordearen egitarau orokorraz gain, Gazte Karpak, Kalera Kalera karpak eta Bertsozale Elkarteak eta Errekaleorrek euren egitarau propioa antolatu dute egun horietarako. “Arratsaldetik aurrera ia orduro, jardueraren batetaz gozatzeko aukera izango dugu”, adierazi dute.

Emakumeak protagonista oholtzan

Batzordeak nabarmendu duen beste arlo bat abuztuaren 7aren kontzertuak izan dira. “Egun horretan, aurtengo kartelean agerikoa den bezela, oholtza gainean protagonistak emakumeak izango dira. Alegia, egun horretako kontzertu guztiak, emakume musikarien esku utzi ditugu”, azaldu dute. “Emakumeok jaien testuinguran hartzen ditugun rolei buelta ematea ezinbestekoa da ere. Hori dela eta, abuztuaren 7an emakumeak protagonistak izango dira txosnetako eskenatokian”, gehitu dute.

Horren harira, uztailaren 24ean kontzertu bat antolatzeko trabak agertu dituzte eta “atsekabea” adierazi diote Udalari. “Duela hainbat hilabete, emakume talde batek uztailaren 24an, Santiago bezperan, hirigunean kontzertu bat egiteko eskaintza helarazi zigun. Guk, berehala agertu genuen guztia lotzeko eta koordinatzeko aukera baina kontzertu hori, ordea, ezin izango da gauzatu, Udalaren kolaborazio ezagatik. Udalak ez zeukan kontzertu hori finantzatzeko dirurik eta arazo horren aurrean, Txosna batzordeak, barra jarri eta turnoak egiteko prestutasuna azaldu zituen. Bertan ateratzen zen diruarekin, kontzertua finantzatzeko asmoa genuen. Udalak, ordea, barra jartzeko baimena ukatu zigun, jarduera bideraezina bihurtuko zuela jakinda ere”.

Eraso sexisten aurkako protokoloa

Mugimendu Feministak aurkeztuko duen eraso sexisten aurkako protokoloarekin bat egiten duela adierazi du Batzordeak. “Eraso horien aurrean, autodefentsarako deia egiten diegu emakume guztiei, eta oro har, jendarte osoari, jai gunean gerta litekeen edozein erasoren aurrean batera erantzuteko. Protokoloa aktibatzeko mekanismoak prest ditugu, eta ez dugu zalantzarik izango hori abiarazteko”, nabarmendu dute. Erasorik ikusi edo pairatuz gero, Mugimendu Feministarekin harremanetan jartzeko deia zabaldu dute, 24 orduz aktibatuta egongo den telefono zenbakiaren bitartez: 688 71 87 01.

Goiener, argindarraren hornitzaile berria

Txosnek Iberdrolarekiko harremana haustu dute “Errekaleorrekin edo GESek gazteentzat errekuperatutako eraikinetan azken asteotan hartu duen jarreragatik”. Hortaz, kooperatibismoan oinarritutako Goiener izango da aurtengo argi hornitzailea.

Urtero bezala, gune osoan edalontzi berrerabilgarri eta birziklagarriak baino ez direla egongo gogoratu dute eta txosna guztietan produktu ekologikoren bat dastatzeko aukera izango da, “produktu ekologikoen eta elikadura subiranotasunaren aldeko apustua” mantenduz.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.