Gasteiz bizikletaz ezagutzeko zerbitzu berria Olarizuko etxaldean

Hirian zein Eraztun Berdean eta beste parke batzuetan egingo dira bisita gidatuak bizikleta arrunt edo elektrikoekin

Gasteizko Udalak bizikletak alokatzeko zerbitzu berria aurkeztu du gaur goizean. Capital Bikes enpresak kudeatutako ekimena dagoeneko martxan da Olarizuko etxaldean, eta horri esker bisitariek bizikleta arruntak edo elektrikoak alokatu ahalko dituzte Gasteiz ezagutzeko. Gainera, Eraztun Berdean eta hiri inguruko beste parke batzuetan bisita gidatuak egiteko aukera ere izango dute. Gasteizko Udalak bultzatutako zerbitzuan paseo bizikletak, mendi bizikletak, bizikleta elektrikoak, tandemak, haurrentzako ibilgailuak eta beste alokatu ahalko dira.

Zerbitzu horren bitartez, bisitariak Eraztun Berdera, Olarizuko lorategi botanikora eta lurraldeko bide berdeen sarera hurbildu ahalko dira. Bizikletak alotatzeko zerbitzuak urrira arte iraungo du, oraingoz. Udalaren eta Capital Bikes enpresaren arteko lankidetzari esker, bestetik, Olarizuko etxaldean publikoari itxita zeuden espazioak egokitu dira: erakusketa-aretoa eta komunak.

Ingurumeneko zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak oso positibotzat jo du ekimena. Gasteizko zinegotziak gogorarazi duenez, Olarizuko etxaldea eta parkea “Eraztun Berdearen ezinbesteko zati dira. Gasteizko Mendien oinetan izanik, Vasco-Navarro trenbidearen bide berdetik gertu eta Betoñu haitzerako bidean, bide berdeen bitartez lurraldearekin lotzeko konexio guneetako bat da. Hori dela eta, lanean ari gara Olarizuko etxaldeak udalerriko ingurumen politikekin lotutako jarduera berreskuratu dezan”.

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak, berriz, hau adierazi du: “‘Green Capital’ marka Gasteiz turismo-helmuga iraunkor gisa bereizten duen ezaugarria da. Horrekin lotuta, bisitariak orain martxan jarri dugun zerbitzua eskatzen ari ziren. Bizikleten alokairua baliabide turistiko garrantzitsua izango da familiei begira, hiria ezagutzeko modu aktibo eta osasungarria baita, eta horri esker Olarizuko etxaldea Gasteizko baliabide turistiko iraunkorren mapan sartu ahalko dugu”.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.