Igandean ospatuko da Araba Euskaraz Argantzungo ikastolan

Milaka arabarrek hartu zuten parte Gure Esku Dagoren giza katean
11 junio, 2018
Titereando 2018
11 junio, 2018

Igandean ospatuko da Araba Euskaraz Argantzungo ikastolan

“Irrikitan” lemapean, Trebiñon dagoen “ikastolak bizi duen egoera bitxia nabarmendu” nahi dute

Ekainaren 17an, igandean, ospatuko da aurtengo Araba Euskaraz Argantzungo ikastolan. “Irrikitan” lemarekin, Trebiñon dagoen eta, ondorioz, Gaztela-Leongo administraziopean, “ikastolak bizi duen egoera bitxia” nabarmentzeko helburua du urte honetako ekimenak. Hirugarren aldiz ospatuko da Araba Euskaraz Argantzunen, 2001 eta 2007ko edizioen ondoren.

“2003an Ikastola sortu zenean, gutxik uste zuten gauden tokira iritsiko ginenik baina, Araba Euskaraz ospatzeak, oraindik ere bizirik gaudenaren seinale argia da. Ez da ibilbide erreza izan, eta oraindik ere, Ikastolaren egunerokoa lasai izatetik oso urruti dago. 14 urte hauetan, gure Ikastola erreferentzia bilakatu da inguruko herrietako familia euskaltzaleentzat. Ikasle kopuruarekin arazorik izan ez badugu ere, ofizialki Burgosen kokaturik dagoen lurraldean egoteak zailtasun handiak suposatu ditu, mota guztietako baliabideen aldetik (pertsonalak, materialak eta ekonomikoak). Hala ere, irakasle, familia eta EHIren inplikazioari esker, proiektuarekin aurrera egitea lortu dugu”, agertu zuten aurkezpenean. “2018ko edizioan lortuko dugun dirua, Lehen Hezkuntzako eraikina ordaintzen laguntzeko bideratuko da”, azaldu zuten.

“IRRIKITAN. 2018ko Araba Euskaraz, ospakizun eguna izateaz gain, aldarrikapen eguna izatea dadin nahi dugu. Aldarrikapen bikoitza. Alde batetik, Euskara eta euskaltzaleen eskubideak errespeta daitezen nahi dugu eta bestetik, gure egunerokotasunean modu lazgarrian eragiten digun Trebiñuko konterriaren aferaren konponbidearen aldeko aldarria plazaratu nahi dugu. Lurraldearen egoerak zuzen-zuzenean kaltetzen gaitu, Euskara kaltetzen du, eta Trebiñu-Argantzun Euskararen Herria ere badela ozen azaldu nahi dugu“, plazaratu zuten.

Egitaraua eta tren bereziak

Jendea jaira hurbil dadin errazteko, tren bereziak egongo dira Gasteiztik Argantzunera 5 euroren truke. Gasteiztik 10:00etan eta 11:00etan aterako dira eta, itzulerak, 17:00etan eta 17:15etan izango dira.

Urtero bezala, egitarau zabala izango da egunean zehar Arabako Ikastolen jaia ospatzeko.