Zazpi aldarrikapen aste antolatuko ditu Gaztetxeak bere 30. urtemuga ospatzeko

Muinoko etxea urte hauetan zehar ekimenez bete duten kolektibo desberdinen urtemuga ere izatea nahi dute

Gasteizko Gaztetxeak urtemuga berezia ospatuko du aurten. Muinoko etxea abian jarri zenetik 30 urte igaro dira jada eta data hori ospatzeko, zazpi aldarrikapen aste antolatuko dituzte hurrengo hilabeteetan. Urte hauetan zehar Gaztetxea osatu eta ekimenez bete duten “ekintzaile, kolektibo, auzokide, militante eta kulturzale ororen urtemuga izatea”  ere nahi dute.

“Gaztetxea guztio etxea dela aldarrikatu dugu urte luzez. Eta horregatik asko izan dira hiru hamarkada hauetan zehar egindako ekintza ezberdinak, baita oso anitzak lanean aritu diren kolektiboak ere”, agertu dute. Horregatik, urtemuga ere modu kolektibo batean ospatzeko hautua egin dute, hilabetero aldarrikapen aste bat antolatuz.

Mugimendu ekologistarekin emango diote hasiera urtarrilaren 24tik 27ra, Berriztu, Zero Zabor, bionekazaritza eta italiako antiespezista talde baten eskutik. Otsailean gazte mugimendua izango dute ardatz, martxoan feminismoa, apirilean okupazioa eta autogestioa, maiatzean presoak, ekainean auzoa eta uztailean internazionalismoa. Hitzaldiak, kontzertuak, antzerkiak, mahai-inguruak edota filmen emanaldiak egingo dira gai horiek guztiak lantzeko.

Gaztetxeko urtemugaz gain, Gasteizko hainbat gune autogestionatuek ere urtemuga bereziak ospatuko dituzte aurten. Errekaleorrek 5 urte beteko ditu, Auzolanak 10 eta Hala Bedi irratiak 35, “Gasteizen dugun okupazioaren eta espazio autogestionatuen aldarrikapena bizi-bizi” dagoelaren erakusle garbia. Horregatik, urteurren bateratua ospatuko dute urriaren 6an “OkupaTU Gasteiz!” lemapean.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *