Zabalganak jolas eremu berria izango du

Proiektua ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ partaidetza-prozesuan hautatu zen

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean udaletxean iragarri duenez, Elexalden (Zabalgana) jolas eremu berri eta originala sortuko du Udalak, Tirreniar Itsasoaren kalean, zehazki. Jolas eremu berritzailea naturan txertatuta egongo da, eta Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Saileko teknikariek Estatu Batuetan, Kanadan eta Europako iparraldean garatutako antzeko beste ekimen batzuk hartu dituzte aintzat. Gaur goizeko bileran onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak lan horien kontratazio-dosierra, 129.555,58 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). Lan horiek egiteko epea bi hilabete izango da, esleitzen direnetik.

Proiektua ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ partaidetza-prozesuan hautatu zen, eta azken urteetan Gasteizen —bereziki Lakuabizkarrean— garatzen ari den hiri-azpiegitura berdearen barruko zenbait ekintzatan ere inspiratu da. Zabalganeko auzo elkarteekin hainbatetan bildu ondoren, jolas eremua ikuspegi horretatik diseinatzea erabaki zen. Horretarako aukeratu den lursaila ez da erabiltzen, eta Zabalgana institutua eraikitzeko indusketetan ateratako landare-lurra metatu da bertan. Material hori aprobetxatu egingo da.

Gasteizko Udalak diseinatu duen proiektuak zirkulu baten inguruan antolatutako zenbait zona ditu; horien erdian soilgune bat izango da, eta bertan jolas konbentzionalagoak jarriko dira. Inguruan lurrezko ‘donut’ moduko bat osatuko da, erdigunea mugatzeko balioko duena, bai eta jolasteko ere (lasterka igo eta jaitsi, bizikletaz zeharkatu, tunelak eta txirristak gehitu…). Eraztun horren kanpoaldean, naturan txertatutako jolas eremu batzuk sortuko dira, inguru “basatiago” batean.

Jolas eremuaren erdialdean saskibaloirako saskia, futbolean aritzeko bi zutoin eta boleibolerako zutoinak jarriko dira, baina ez era arautuan, asmoa ez baita ohiko kirol espazioa diseinatzea. Lurrezko horma edo ‘donuta’ nahierara zeharkatu ahalko da (bai eta tunel edo txirristen bidez ere) eta lurrezko ziklo-kros zirkuitua ere izango du.

 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *