Josune Arakistainek irekiko du “Eraldaketa: sortzaileON afera” egitasmoaren elkarrizketa zikloa

Irantzu Lekuek eta Olatz Alonsok gidatuko dute SolasAlean saioa emakume sortzaileak ardatz dituen ekimenaren barnean

Irantzu Lekue artistak eta Olatz Alonso kazetariak emakume sortzaileen inguruan hausnartzera gonbita egin nahi duen egitasmoari Josune Arakistainek emango dio hasiera, ostegunean SolasAlean saioan egingo dioten elkarrizketarekin.

Arakistainekin, Huntza taldeko abeslari eta trikitilaria, sorkuntza prozesuaz eta kultura eta emakumeen arteko harremanaz arituko dira Lekue eta Alonso. Alea eta Oihanederrek elkarlanean antolatzen duten elkarrizketa irekien zikloaren barnean egingo dute saioa urtarrilaren 18an, osteguna, 19:00etan Oihanederreko Ortuño Aretoan. Bertara gerturatzen den orok bere galdera egiteko aukera izango du baita.

Elkarrizketa hau “Eraldaketa: sortzaileON afera” egitasmoaren barnean kokatuta dago, euskal emakume sortzaileen inguruan hausnartu nahi duen ekimena, hain zuzen. Hamar bat elkarrizketa egingo dituzte Lekue eta Alonsok Gasteizen eta Arabako herrietan, euskal kulturarekin erlazionatutako emakume desberdinei. Elkarrizketa zikloa amaitzean, jasotako materialarekin Lekuek bideoarte bat egingo du.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *