Featured Video Play Icon

Jon Maiaren dokumental berriaren aurkezpena

GEU elkartearen eta Oihanederren “Begi belarri” zikloaren barnean proiektatuko da “GUtik ZURA” lana

GEU elkarteak 2016an martxan jarritako “Begi belarri” ikus-entzunezkoen zikloak urrats berriak egingo ditu eta Oihaneder Euskararen Etxearekin batera hilabetero film-dokumental bat eskaintzeari ekingo dio eskaintza egonkortu eta sendotze aldera. Hurrengo emanaldia hilaren 25ean izango da, 19:00etan, eta Jon Maiaren “GUtik ZURA. Iragana, oraina eta etorkizuna” lana aurkeztuko da.

Emanaldiak hilaren azken asteazkenetan izango dira arratsaldeko 19.00etan eta, iaz bezala, bi atal izango dituzte: alde batetik, dokumental bera ikusi eta bestetik, filmearen zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin loturiko hizlariekin solasaldia egin.

Urtarrilean Jon Maia bertsolari, idazle eta ikus-entzunezkoen zuzendariak bere azken lana aurkeztuko digu: GUtik ZURA. Iragana, oraina eta etorkizuna. Film honen helburu nagusia basoaren, zuraren eta euskal gizartearen arteko harremanak izan duten, gaur egun duten eta izango duten balioa gizarteratzea da.

“Euskal Herriaren idiosinkrasian basoa eta zurezko zimenduak daude. Dokumental honetan aintzinatetik etorkizunerako bidaia egingo dugu lur hontako gizakiaren eta zuraren arteko harremana azalduz. Horretarako pertsonaia hautatuen bizi-esperientzia pertsonala eta mundu mailako adituen txori begirada erabiliko ditugu, historia eta istorio konbinaketa poliedriko baten bidez lehengo, oraingo eta etorkizuneko basoen eta zuraren gako nagusiak azalduz”, azaltzen du filmaren sinopsiak.

Proiekzioaren ostean Jon Maia zuzendariarekin solasaldia egongo da. Jon Maia bertsolaria, euskal abeslaria, euskal idazlea, zine zuzendaria, itzultzailea eta kultura eragilea da. Euskal Filologian lizentziaduna, ikus-etzunezko alorrean eskarmentu handia du. Euskal talde ugarirentzat letragile izan da eta literaturagintzan ere kaleratu ditu lanak.

OTROS ARTICULOS

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *