Featured Video Play Icon

Jolastoki ereduaz eztabaidatuko dute larunbatean Salburuako gizarte etxean

Errekabarri Ikastolako Guraso Elkarteak bultzatutako egitasmoan bost adituk parte hartuko dute

Errekabarri Ikastolako Guraso Elkarteak bultzatu duen “Gure Jolastokia Amesten” jardunaldia burutuko da larunbat honetan, maiatzak 19. 9:00etan hasi eta 14:00ak arte luzatuko den topaketan bost adituek hiru hitzaldi eskainiko dituzte, ostean publikoari zabaldutako eztabaida batekin bukatzeko.

Jardunaldiaren proposamena duela hilabete bat hasi zen crowfunding kanpaina abiatu zenean. Kanpaina honek izan duen arrakastaren ondorioz, larunbat honetan jolastokiaren eredua mintzagai izango da Salburuako Gizarte Etxean. “Jardunaldiak interes handia piztu du leku anitzetan”, adierazi dute gurasoak. “Bagenekien gaiak interesa zuela, baina jaso dugun erantzun positiboak harritu gaitu”, gehitu dute.

Antolatzaileak Salburuako aretoko leku guztiak betetzea aurreikusten dute. Hori dela eta, interesa duen lagun orori azken deia luzatzen diote jolastokiaamesten@gmail.com helbidearen bidez plaza erreserbatzeko. Ekimen honek, gainera, Gasteizko Udaleko babesa izan du, Berdintasun sailekoa zehazki. “Bai parte hartze hau bai hezkuntza komunitate ezberdinek adierazitako interesa oso positibotzat jotzen dugu uste baitugu jada mahai gainean zebilen jolastokien ereduari buruzko eztabaida hauspotzea lortu dugula”, adierazi dute.

Topaketan hiru hitzaldi egongo dira; lehena, Heike Freirek eskainiko du: “Jolastoki biziak, natura eskoletara sartzeko aukera bat”. Freirek (osasun, ongizate eta naturan ikastean aditua) eskoletan natura sartzeak duen onurei buruz hitz egingo du. Bigarren ekarpena Dunak Taldeko Amaia Albeniz eta Zuriñe Burgoa arkitekta feministek egingo dute, “Eskolako patioa, berdintasunean hazi eta hezi” izenburuarekin. Haiekin, gizarteratze lehen eremua den jolastokiak aztertuko dira genero ikuspegi batetik. Azkenik, Carme Cols eta Pitu Fernandez ere egongo dira, “El Nou Safareig”-eko arduradunak, “Jolastoki berria diseinatzeko prozesua, komunitatea sortzeko giltzarri” hitzaldia eskaintzen. Kataluniatik datozen irakasle ohi bikote honek ehundaka eskola lagundu dituzte haien kanpo espazioak eraldatzeko prozesuan. Beraiekin batera, jolastokia aldatzeko prozesuan hezkuntza komunitatea josteko eta sustraitzeko oinarriak jarri nahi dituzte antolatzaileek.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *