“Isturitzetik Etiopian barrena” ikuskizuna ostegunean estreinatuko da

Beñat Goitiak musika, literatura eta zinea uztartzen ditu ikuskizun honetan

Isturitzetik Etiopian Barrena ikuskizuna musika, literatura eta zinearen uztartze bat da, Beñat Goitiak sortua, eta martxoaren 23an, osteguna, estreinatuko da Oihaneder Euskararen Etxean (19:00). Isturitzetik Etiopiarako, des-paradisurako, deserturako, finean, heriotzerako bidaia egingo duen pertsonaia bederatzi zirkulutan zehar murgilduko da, azken eztanda jasan arte. Diziplina anitzeko kontzertu literario teatralizatua.

Musikaren atalean, euskal arte kostunbristaren eta abangoardiakoaren arteko talkatik sortutako pasarte atmosferikoek bustiko dituzte poesiaren tarteak, Adrian Puck DJaren elektronika Goitiaren gitarrarekin nahasiz.

Literatur arloan, Joxanton Artzeren Isturitzetik Tolosan Barrena eta Bernardo Atxagaren Etiopia izango dira literatura pasarteen sostengu. Bi lan hauetatik abiatuko dira pertsonaia oinazera eramango duten 9 urratsak.

Zinean, Aitor Zarzuelo lasartearrak ikuskizun honetarako berariaz zuzenduriko “Desparadisua” laburmetraiak zirkuluen gordintasunean barneratuko gaitu eta Ibon Esparzaren argazki zuzendaritzak Arantzazuko elurrezko desertu profetikoan kokatuko du pertsonaia, iluntasunaren ilunean desagerrarazi arte.

Proiektua “Gazte Sortzaileak” bekarekin garatu izan da.

OTROS ARTICULOS

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *