Irantzu Lekuek emakume sortzaileen sorkuntza prozesuari erreparatuko dio proiektu berriarekin

Ahozkotasunetik bideoartera salto egingo du eta parte hartzen duten 14 artistetatik 9 arabarrak dira

Egitasmo berria abiatu du Irantzu Lekue artista garaikideak. Eraldaketa: SortzaileON afera proiektuak sorkuntza-prozesuari erreparatzea du helburu, emakume sortzaileen sorkuntza-jarduera oinarri. ‘SortzaileON afera’k Araban eta Gasteizen artearen eta kulturaren inguruan euskarazko mugimendua sortzea du helburu, klabe garaikidean.

Irantzu Lekuek Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak sustatutako “Gazte sortzaileak” beka eskuratu du egitasmoa bururaino eramateko eta Olatz Alonso kazetaria eta Maider Oleaga zinegilearekin ari da horretarako lanean. Proiektua hiru fase ezberdinetan planteatu dute: ahozkotasuna landuz aurretik, sormen prozesua bigarren eta erakusketa publiko batekin azkenik.

Asko dira egitasmoan parte hartuko duten emakumeak, tartean Hesian taldeko Zuriñe HidalgoIzaskun Urkijo arte zuzendaria -Errementari filmean lan egin duena, adibidez-, Ane Rodriguez Armendaritz Tabakalerako zuzendaria, Blanka Gomez de Segura Euskal Keramika Museoaren arduraduna, Garazi Lopez de Armentia koreografa eta Baratza aretoko sortzailea, Izar Mendiguren eta Paula Amilburu bertsolariak edo Huntza taldeko Josune Arakistain-ekin.

Badira ere pribatuan burutu diren hainbat elkarrizketa, tartean, Haizea Barcenilla arte kritikari eta komisarioarekin, Irati Jimenez idazlearekin, Yanela Murua dantzariarekin, Miriam Isasi artistarekin, Belen Nevado antzerkigilearekin edota Maider Oleaga zinegaliarekin, adibidez. 14 emakumetatik 9 arabarrak direla nabarmendunahi izan du Irantzu Lekuek.

Sorkuntza prozesua publikora gerturatu

Lekuek azaldutakoaren arabera “handia da, zoritxarrez, kulturaren eta publikoaren artean dagoen aldea. Bata bestearengandik urrun daude. XXI. mendean, mende honek eskaintzen dituen tresna eta baliabideekin” agertu du arabarrak. Hori dela eta, proiektuak sormenari erreparatuko dio, baina bereziki sorkuntza-prozesuari, euskal kultura duela hizpide. “Sortzaileen prozesuari erreparatuko dio, bai, baina gazte eta emakumezkoen ikuspegitik”, azaldu du Lekuek.

‘Eraldaketa: SortzaileON afera’ren helburua da prozesu hori erdigunean jartzea. “Prozesua artistei ez ezik, interesa duen orori ere gerturatzeko, artearekiko eta kultur sorkuntza-prozesuekiko interesa pizteko” jaio dela azpimarratu du Irantzu Lekuek.

Zazpi kultur saio Araban zehar

Sorkuntza prozesuei erreparatzeko, artisten lana gertutik ezagutzeko, berezitasunak edo beharrezko elementuak identifikatzeko, ‘SortzaileON afera’ proiektua ahozkotasunetik abiatuko da. Horretarako, zazpi kultur saio antolatuko dira, kulturaren eta artearen munduko emakumeekin. “Guztiekin, sormenaren inguruan solastatuko gara, eta emakumeen lanak mahai gainean jarriko ditugu” azaldu du Alonsok.

Saioak, gainera, ez dira Gasteizera mugatuko. Arabako eskualde desberdinetan garatuko dira artea lurralde osora zabaltzeko. “Bada garaia ere kultura eta artea Gasteiztik ateratzeko eta haien gaineko hausnarketak herrialde osoan zehar egiteko. Kultura plazaratzeko ordua da, ez soilik aisialdi edo ikuskizun gisara, baizik eta hausnarketatik abiatuta ere, egungo egoeraren gogoeta egin eta etorkizuna amesteko. Horregatik eta horretarako, sortzaileekin baterako saioak Arabako eskualdeetan egingo dira”, azaldu dute. Hala, proiektua ahozkotasunetik abiatu eta bideo-artera egingo du jauzi.

Bideoartea eta erakusketa

“Horrekin guztiarekin, bideoarte bat osatuko dut, hainbat istorio muntatuta”, azaldu du Lekuek. Hala, modu ez linealean, hainbat emakumezko sortzaileren ibilbidearen eta obraren berri jasoko du. Ondoren, prozesu osoa bilduko duen erakusketa antolatuko du irailean.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.