Featured Video Play Icon

Gure Esku Dagok giza kate bat antolatuko du erabakitzeko eskubidearen alde

 201,9 kilometro izango ditu Donostiatik abiatu, Bilbotik pasa, eta Gasteizen amaituko den katea

Gure Esku Dagok erronka handia hartu du 2019rako. Donostiatik abiatuta, Bilbotik pasa eta Gasteizen amaituko den giza kate bat antolatuko dute ekainaren 10ean erabakitzeko eskubidearen alde. “Herritarron erabakitzeko arrazoiak erakundeetara bideratuko ditugu”, azaldu zuen Angel Oiarbide GEDren bozeramaileak.

Bost hilabetean erabakitzeko 2019 arrazoi bilduko dituzte herriz herri, datorren astetik aurrera hiriburuetan antolatutako mahai-inguruetan hasita. Ekainaren 10ean, milaka lagun, arrazoiz betetako zapiak tarteko, elkartuko dituen 201,9 kilometroko giza katean plazaratuko dituzte aurreko hilabeteetan jasotako arrazoiak. “Bost urtean egin, ikasi eta lortu dugun guztiaren emaitza izango da ekainaren 10a”, agertu zuen Oiarbidek.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako GEDren kideen arabera, gutxienez 100.000 lagun beharko dira giza katea osatzeko eta, finantzaziorako ez ezik, antolaketarako ere, saretzearen garrantzia azpimarratu dute.

“Herri galdeketak, Herritarron Ituna eta inoiz ezagutu gabeko mobilizaziorik handiena: giza katea. Hiru lan ildoek, norabide berean, bat egingo dute aurtengo urtea amaitzen denean, eta une horretan atea zabalduko diogu ziklo berri bati. Herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko aukera izango dugun zikloari”, gehitu zuen.

Oiarbidek azpimarratu zuen Gure Esku Dagoren erronka Euskal Herriko zazpi hiriburuak batzea dela eta espero dutela horretarako aukera izatea gainerako lurraldeetan ere, etorkizun hurbilean. “Gure Esku Dago Euskal Herri osoan eragiteko jaio zen eta horretan jarraituko dugu, baita Nafarroa Garaian, Baxenafarroan, Lapurdin eta Zuberoan ere, sintonia hau zabalduz eta lurralde denetan erabakitzeko eskubidea gauzatu dadin baldintzak sortuz, tokian tokiko herritarren borondatea, errealitatea eta erritmoa errespetatuz, baina beti eskuak zabalik eta lanerako prest”, esan zuen.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *