Gazteentzako 30 jardueratik gora Gauekoak programa berrian

Jaialdi afrikanista, kontzertuak, lantegiak, lehiaketak, txapelketak eta erakusketak eskaintzen ditu

Kultura eta aisialdirako Gauekoak programak 30 jardueratik gora izango ditu aurtengo udazkenean, eta hiriko hainbat gune jardueraz beteko ditu larunbat honetatik, irailaren 9a, abenduaren 16ra bitartean.

24 elkarte eta taldek hartu dute parte Gasteizen sendotuta eta hiriko elkarteen artean oso errotuta dagoen programa honen egitaraua prestatzen. Honakoak antolatu dira, besteak beste: jaialdi afrikanista, hainbat musika generotako kontzertuak, lantegiak, lehiaketak, txapelketak eta erakusketak.

“Urte hauetan guztietan, gure hiriko aisialdian gazteen ikuspuntua txertatu ahal izan dugu Gauekoak programari esker eta, aldi berean, gazteek berek programa aktiboa lantzea lortu dugu, kultur, aisialdi eta kirol arloetan” nabarmendu du Gazteriako zinegotzi Iñaki Prusillak.

Gazteria Zerbitzuak parte-hartzea (elkarteena zein banako gazteena) eta sarean lan egitea errazten duen egitura bat eraikiz joan da; genero-ikuspegia kontuan hartzen duen eta  jardueretan euskararen erabilera indartzen duen egitura.

“Proiektu honetan batera edo bestera parte hartzen dugunok aisialdi eta denbora libre inklusibo, parte-hartzaile eta integratzailetik sortzeko espazioa lortu nahi dugu, gure hiria gazteen ikuspegitik eraikitzen lagunduko duena. Gonbidapena egiten diegu Gasteizko gazteei diziplinarteko proiektu partekatu honetan parte hartzera, ez bakarrik aisialdia, ikuskizunak eta era guztietako ekintzen kontsumitzaile gisa, baizik eta proiektu honen proposamen eta jarraipenean parte aktibo izatera, Elkarteen Federazioak eta Gazteria Zerbitzuak gazteen esku utzitako bitartekariak erabilita”, azaldu du Prusillak.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *