Gazteek sustatuko bost proiektu berri garatu dira Gazte Sortzaileak bekeei esker

Ikus-entzunezko hiru lan, helduentzako narrazio bat eta emakume sortzaileen inguruko hausnarketa garatu dituzte

Gazte Sortzaileak bekaren laugarren edizioan hautatutako lanak aurkeztu dira, Oihaneder Euskararen Etxean. Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker sortu zen laguntza hori, euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko asmoz. Iazko irailetik, gazteek osatutako bost talde artistiko aritu dira beste horrenbeste proiektu garatzen. 2017ko deialdiarekin, ikus-entzunezko hiru lan, helduentzako narrazio saio bat eta emakume sortzaileen inguruan hausnartzen duen proiektua garatu dira.

“Gazteen euskarazko kultur sorkuntza sustatzea da ekimen honen helburua, eta hiriko zein lurraldeko sorkuntza guneen jarduerari laguntzea”, azaldu du Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak. “Gazteen sormena bultzatu nahi dugu, euskararekin eta ahozko transmisioarekin loturiko proiektuen bidez. Baita Gasteizko eta Arabako kultur programazioa osatu ere”, esan du Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatu Igone Martínez de Lunak.

2017an egitasmo hauek aukeratu ziren: ‘Harriek kontatu didatena’, Ane Gebararena; ‘Orainaldian’, Gindi Auzmendi, Iñaki Landa eta Mikel Buruagarena; ‘Atabala eta Euria’, Egoitz Díazena; ‘Barrunbeko lurretan’, Lurburu kolektiboarena, eta ‘Eraldaketa SortzaileOn afera’, Irantzu Lekue eta Olatz Alonsorena. Proiektuak apirilaren 13tik aurrera aurkeztuko dituzte artista gazteek,  Oihaneder Euskararen Etxean.

2018ko deialdia irekita

Beka horietakoren bat lortu nahi duten 16 eta 35 urte bitarteko gazteek beste aukera bat izango dute 2018an.  Izan ere, uztailera arte egongo da irekita izena emateko epea. Artistek gazteria@vitoria-gasteiz.org posta elektronikora idatziz aurkez dezakete ideia —ez da beharrezkoa oso proiektu garatua izatea—, edo Udalaren Erregistro Nagusian zein gizarte etxe batean. Ondoren, 6-7 hilabete emango dira aukeratutako ideiak garatzeko, Udalaren eta Aldundiaren laguntza ekonomikoaren bitartez, 4.000 eurorainokoa izan daitekeena. Gainera, profesionalen laguntza izango dute ekimenak garatzeko.

Argazkia: Iñaki Landa

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *