Gazte Klik Klak lehiaketaren irabazleak, Amarika aretoan ikusgai

“Identitateak” lemapean 5 gazteren sorkuntzak erakutsiko dituzte maiatzaren 2ra arte areto gasteiztarrean

Maiatzaren 2ra arte ikusi ahalko da “Tetrapack 2018” erakusketa Amarika aretoan, zeinak Udaleko Gazteria Zerbitzuak antolatutako Gazte Klik Klak lehiaketa irabazi duten proposamenak biltzen baititu.

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak antolatu du erakusketa, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren laguntzarekin. Mikel Arranz, Irene Santiago, Mikel Romero eta Adriana Fariñas & Ibai Cobok aurkeztuko dituzte beren lanak Tetrapack-en bederatzigarren edizioan, eurek irabazi baitzuten 2017ko Gazte Klik Klak lehiaketa. “Identitateak” lemaren pean, Gasteizko gazteen ideiak osatzen dituzten askotariko identitateak aurkitu eta agerian jartzea eskatu zitzaien parte-hartzaileei.

ZAS Kultur kolektiboaren ordezkari Nerea Lekuona artista gasteiztarra izan da 2017ko Gazte Klik Klak-en zein 2018ko Tetrapck-en komisarioa. Orobat, komisario elkartu batek hartu du parte edizio honetan, Gazte Klik Klak-en aurreko lehiaketak irabazi dituztenen artetik hautatua. Zehazki, Jon Gorospe argazkilari gasteiztarra izan da. Komisarioarekin batera estuki lan egin du eta, hartara, bere ibilbide luzeari garatzeko eta esperimentatzeko beste eremu bat gehitu dio.

Tetrapack-en helburua arte sorkuntza sustatzea da, eta erakustokiak hartuz sortzaile berrien lana ikusaraztea. Gazteen sorkuntzarako sari horrek ez dakar berekin diruzko ordainsaririk. “Gazte Klik Klak lehiaketak proiektu batean parte hartzeko bide ematen du, prestakuntza-prozesu baten bitartez, zeinaren ondoren saritutakoen lana ezagutarazten baita. Horri esker, irabazleek erakusketa partekatu batean agerraraz dezakete beren lana, argazkigintza, bideo-sorkuntza eta arte plastikoen alorreko adituen laguntzarekin”, azaldu du Gazteriako zinegotzi Iñaki Prusillak, Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatu Igone Martínez de Luna eta artista irabazleekin batera erakusketa aurkezteko egin duen prentsaurrekoan.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *