Featured Video Play Icon

Gasteizko Gaztetxearen 30 urteak liburu batean bildu dituzte

“Dimentsio ezberdinak jorratzen” saiatu dira, “begirada ahalik eta integralena” lortzeko asmoz

Gasteizko Gaztetxearen 30. urteurreneko ekimenek aurrera darraite. Muinoko etxearen ibilbidea eta bilakaera jasotzen duen liburua aurkeztu dute oraingoan, “Gasteizko Gaztetxea, 30 urte“. Modu kronologikoki batean, okupatu aurreko kanpainatik hasita gaur eguneraino, daude bilduta 30 urte hauetan zehar Gaztetxea erreferente bilakatu dituzten bizipenak. Gaztetxearen izaera kolektiboa mantenduz, “komungrafia” bat da liburua, 30 pertsona baino gehiagoren artean garatutako ekimena, hain zuzen.

Dimentsio ezberdinak jorratzen saiatu gara, begirada ahalik eta integralena eman nahi genion”, azaldu zuten aurkezpenean, “une goxoak eta ongi egindakoak jorratzen dira, baina baita une latzak eta hanka-sartzeak ere”.  Hala, Gaztetxearen etapa desberdinak azaltzen dira 65 marrazkiz lagunduta. Ezinbestean, euskaraz daude jasota urte hauetako gorabeherak, “euskararen aldeko hautu kontziente baten ondorioz, baina naturaltasunez aldi berean”.

“Eduki aldetik zein estetikoki liburu atsegina, erakargarria eta mamitsua osatzen saiatu gara. Unean-uneko barreetatik, amorrutik, minetatik eta pozetatik idatzia, ironia eta umorea lagun ia beti”. Kontakizuna hamarkada horien balorazio batek amaitzen du, “Balorazio amaitu gabea ezinbestean, Muinoko Etxeak zutik eta bizirik jarraitzen baitu”. “Gure ametsa hogeita hamar urte barru argitalpen berri bat esku artean izatea da”.

Liburuak, ordea, ez du amaiera bat izan nahi, “erreminta” bat izatea nahi dute. “Borroka baten lekukotza eman nahi du liburu honek. Baina ez iragan eta soilik iragan den orbanik gabeko bide bezala marraztua. Kontrara. Bere argi-itzaletatik, orainaldian eta etorkizunean herrigintzan jarraitzeko ilusioen, sentsibilitateen, moduen eta arrazoien kontrabandorako erreminta bezala ulertzen dugu. Hori da gure helburu nagusia: borroka baten transmisioa egin borroka berriak elikatzeko“, agertu dute.

“Gasteizko Gaztetxea, 30 urte” jada dago eskuragarri leku desberdinetan. Zapateneo Kultur Gunean, Gaztetxean, Hala Bedi tabernan Errekaleor auzoan eta Zuloa, Mara-Mara, Jakintza, Albeniz, Arlekin, eta Anegon liburu-dendatan dago salgai. Liburutegi publikoetan hartzea ere egongo da, Ignacio Aldekoa kultur-guneak zein udal-liburutegien sareak maileguan eskainiko baitute. Arabako eta Euskal Herri osoko eskualde gehienetara ere banatu dute baita ere, gaztetxe, liburu-denda, taberna eta kultur-guneetara. Azkenik, internet bidez eskuratzeko aukera egongo da ere, eta doan deskargatzekoa.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *