Gasteizek Bidezko Merkataritzaren Eguna ospatuko du larunbatean

Iganderako Alternatiben Azoka antolatu du Salburuan Salburuko Lore elkarteak

“Bidezko merkataritza gara” goiburuarekin, Gasteizek ere Bidezko Merkataritzaren Mundu eguna ospatuko du maiatzaren 12an, larunbata. Egun horrekin, bidezko merkataritzaren mugimenduak gogorarazi egiten du posible dela bizitza duin bat bermatzea planetako biztanle guztientzat eta ingurumen-narriadura gelditzea. Ospakizun honetarako, Arabako hiriburuan hainbat jarduera daude programaturik, maiatzaren 10etik 19ra bitarte. Araian (maiatzaren 20a) eta Laudion (maiatzaren 27a) ere egongo dira jarduerak.

Gasteizen ospakizuna Loma Jeneralaren plazan izango da oraingo honetan, jarduerak eguerdiko 12:00etan hasita. Ordu horretan, kalejira bat abiatuko da, eta 16:30era arte bidezko merkataritzako pintxoen ibilbidea egingo da.  Ibilbide horretara 15 establezimendu batu dira.

Horrez gain, egunean zehar, postu bat egongo da informazioa emateko eta bidezko merkataritzako produktuen salmentarako eta lantegiak egingo dira, hala nola Turukutupa konpainiak egingo duena. Haiek emango diote amaiera egunari, gauza birziklatuez eginiko musika-tresnak joz emango duten kontzertu batekin.

Egitaraua, maiatzaren 10etik abian

Egun berezirako antolaturiko jarduerei hilaren 10az geroztik egingo direnak gehitzen zaizkio; egun hartan bertan, kosmetika naturala egiteko lantegi bat egongo da eta, gure elikaduraren atzean zer ezkutatzen den jorratzeko, mahai-inguru bat egingo da, Slow Food Arabarekin, Tierra Papel Tijera arabar proiektu agroekologikoarekin, eta Maquita bidezko merkataritzako ekuadortar erakunde ekoizlearekin. Entitate berak izango dira berriz hilaren 15ean, asteartea, ekobidezko janariaren inguruko lantegian.

Alternatiben Azoka Salburuan

Salburuko auzokideek bidezko merkataritzarekin konpromiso handia erakutsi dute hainbat jarduera antolatuz. Hala, 12an bertan, larunbatean, Pez Limbo taldearen “El gran mercado” antzezlanaren emanaldi bat antolatu dute, ironiaren eta umorearen bidez, geure kontsumo-ohiturei buruz gogoeta egin dezagun. Hilaren 13an, igandean, egingo den alternatiba-azoka nabarmentzen dela. 

Antolatzaileak

CECJ-Bidezko Merkataritzako Estatuko Antolakundeak sustatzen du Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguna ospatzea, eta Araban Medicus Mundi Araba, Bide Bidean, SETEM Hego Haizea, Manos Unidas, eta Serso San Viator GGKek eta SalburuKoLore elkarteak antolatzen dute, eta Vitoria-Gasteizko Udalaren finantzaketa dauka, lankidetza-hitzarmen baten bidez bidezko merkataritza sustatzeko sostengua emanez. Arabako Foru Aldundiak ere laguntzen du. 

Bidezko merkataritzak antolakunde ekoizle txikien alde eta ingurumena zaintzearen alde egiten du, baldintza duinetan landutako haien produktuak merkaturatuz. Horrela, bidezko merkataritzak haien garapena sostengatzen du, eta lagundu egiten du elikadura-segurtasun handiago bat egoten eta tokiko zein munduko merkatuetan ekoizpen jasangarria bultzatzen.

Bidezko merkataritza printzipio batzuetan oinarritzen da, tartean direla ekoizleentzat lan-baldintza duin eta seguru batzuk bermatzea, soldata egoki bat ordaintzea, gizonentzat zein emakumeentzat soldata bera lan berdinak egiteagatik, haurren lan-esplotaziorik ez egotea, eta ingurune naturala errespetatzen dituzten teknikak eta prozedurak erabiliz ekoiztea.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.