Gasteiz Antzokiaren kudeaketa planaren garapenaren beharra azpimarratu du Lazarraga Kultur Elkarteak

Homolesbotransfobiaren aurkako jardunaldiak
9 mayo, 2018
Manu García y Abelardo renuevan con el Alavés
9 mayo, 2018

Gasteiz Antzokiaren kudeaketa planaren garapenaren beharra azpimarratu du Lazarraga Kultur Elkarteak

“Proiektu arkitektonikoaz gain, bideragarritasun plana ezinbestekoa da aurrera egiteko”, adierazi dute

Lazarraga Kultur Elkarteak, Euskararen Etxea eta Gasteiz Antzokiaren sustatzaileak, Udalak egitasmoarentzako egindako kokapen proposamen berriaren bere irakurketa eman du ezagutzera. Elkartearen iritziz, “egitasmoa bideragarri egingo duen plana garatuko delako berme sendoa” beharrezkoa da. Izan ere, “proiektu arkitektonikoaz gain, bideragarritasun plana ezinbestekoa baita aurrera egiteko”.

Aurreko astean, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ateak ireki zizkion Gasteiz Antzokia Ruiz de Bergaratarren jauregian (Errementari kaleko 32. zenbakian) kokatzeko aukerari, Eskoriatza-Eskibelen etxadiaren alternatiba gisa, bertako lorategian agertu den fuel-oil biltegia dela eta.

Lazarraga Elkarteak proposamena “sakonki aztertzeko konpromiso irmoa hartu du”, “espazioa berraztertzeko eta egitasmoaren beharren araberako doikuntza aukerak ondo baloratzeko beharrezkoa duen denbora” hartuz.

Baina bitartean, “egitasmoaren izaera juridikoa, kudeaketa plana eta diru iturriak guztiz zehazteko eta gauzatzeko bermeak ziurtatzea” eskatu dio Udalari, “ezinbesteko” pausu bat elkartearentzat “kokapena bata edo bestea izan”. “Izan ere, egitasmoaren bideragarritasun planak proiektu arkitektonikoaren pareko garrantzia du; biak batera landu behar dira elkarren osagarri direlako; baten faltan egitasmoa hankamotz geratuko litzateke eta berme guztiekin egikaritzeko aukeratik urrun”, adierazi dute.

Lazarraga Elkarteak “argi adierazi” nahi izan du “badela ordua proiektuaren osotasuna, Euskararen Etxea eta Kafe Antzokia, kontuan hartzen duen egitasmoari behingoan berme osoz heltzeko”, kontsentsuan eta elkarlanean oinarrituz.