Herri mugimenduko eragile eta proiektuak sarituko ditu Hala Bedik maiatzean

Lau sari desberdin banatuko dituzte eta proposamenak bidaltzeko epea martxoaren 18ra arte zabaldu dute

Hala Bedi irratiak “herri mugimenduko eragile eta proiektuen topalekua” izango den ‘Gala Bedi‘ ospatuko du maiatzaren 18an Jimmy Jazz aretoan. Lau sari desberdin banatuko dituzte eta proposamenak bidaltzeko deialdi irekia egin dute martxoaren 18ra arte. Ekimenean irrati arabarraren 35. urtemuga ospatuko dute baita ere.

“Urteurrenez josita datorren urte honen baitan, asko dira arabarron buruak zoriontzeko arrazoiak, nabarmentzeko esperientziak eta eragile ezberdinok ospatzen ditugun urtebetetzeak baliatuz, proiektuen gorazarre egiteko gogoak”, azaldu dute irratiko kideek. Beraz, “eragile ezberdinen esperientziak eta proiektuak” elkarbanatzeko helburuarekin, zorionduak izatea merezi duten proiektuak zein eragileak proposatzeko prozesua irekia izatea erabaki dute. “Guztiok izango dugu aukera arlo ezberdinetan lanean dauden edo lan egin duten eragileak edo proiektuak nabarmentzeko”, azaldu dute.

Sariak lau kategoriatan banatu dituzte:

  • ‘Halabeditarrak’: irratiko komisio edo talde bat nabarmentzeko.
  • ‘Herria bizirik’: ikasturte honetan nabarmendu den herri mugimenduko eragilea zoriontzeko.
  • ‘Utopia’: proiektuak saritzeko.
  • ‘Hala Mierda’: umorea presente izanik, inoiz zorionduko ez luketen pertsona edo talde horrentzako ‘antisaria’.

‘Herria bizirik’, ‘Utopia’ eta ‘Hala mierda’-ko saridunak proposatzeko epea irekita egongo da martxoaren 18ra arte. Horretarako, formulario bat bete besterik ez da egin behar. ‘Halabeditarrak’ saria, ordea, irratiko kideek adostuko dute.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *