Fracking Ezek eta Berriztuk Auzitegi Konstituzionalaren erabakia kritikatu dute

999 halabelarri lortzeko erronkarekin ospatuko du Hala Bedik 35.urteurrena
7 febrero, 2018
Auzo Eszena 2018
8 febrero, 2018

Fracking Ezek eta Berriztuk Auzitegi Konstituzionalaren erabakia kritikatu dute

“Gobernua zulatuak izan daitezkeen eremuetako biztanleen borondatearen gainetik pasatzea onartezina” dela uste dute

Fracking Ez eta Berriztu plataformek Auzitegi Konstituzionalak frackinga mugatzen duen euskal legearen aurkako erabakia “tamalgarria” dela adierazi dute eta “biztanleen borondatea” kontuan ez hartzea “onartezina” dela uste dute. Aldi berean, SHESAren desagerpenaren beharra plazaratu dute, “Eusko Jaurlaritzari erregai fosilen eta, kasu honetan, gasaren apustua alde batera uzteko premia” helaraziz.

Auzitegiak legearen artikulu bat aldatzea eta beste bat indargabetzea “tamalgarria” dela esan dute. “Horrela frackinga egin nahi dutenentzako eta gure ingurunea, osasuna eta bizimodua suntsitu nahi dutenentzako bideaerrazten dela kritikatu dute. Euskal legedia defendatuz, “ingurumenaren babeserako neurri osagarriak ezartzen” dituela nabarmendu dute. “EAEko konpetentzia izanik, frackinga era zehatz batean arautzen du, sententziarekin batera hiru epailek eman duten boto partikularrean azaltzen den bezala”.

Honekin batera, lege hori herri ekimen legegile baten ondorioa dela gogorarazi dute, baliozko 103.589 sinadurez babesturikoa, “Arabar gizartearen frackingaren aurkako gaitzespen zabala erakusten duelarik”. “Zentzu honetan, estatuko gobernuak zulatuak izan daitezkeen eremuetako biztanleen borondatearen gainetik pasatzea onartezina iruditzen zaigu”, azpimarratu dute.

Eusko Jaurlaritzaren ardurak nabarmendu dituzte ere. “Eusko Jaurlaritza eta SHESA euskal erakunde publikoa frackingaren apustuaren buru eta errudun direla gogorarazi nahiko genuke. Zentzu honetan, gure lurraldea hausteko asmotan jarraitzen dutela ulertzen dugu. Bestela, ez dugu ulertzen oraindik baimenak indarrean mantentzea eta joan den urtean Armentia 2 putzua burutzeko aurkezturiko memorian Valmaseda bezalako hobientzako frackinga teknikarik egokiena dela esatea eta bere erabilera “egungo gizarte eraginagatik” alboratzea”, adierazi dute.

Horregatik, “Eusko Jaurlaritzari erregai fosilen eta, kasu honetan, gasaren apustua alde batera uzteko premia” helarazi diote ” indarrean dauden baimen guztiak bertan behera utziz” eta SHESAren desargetzearen alde agertu dira. “SHESAk desagertu behar du eta EVEk egiazko trantsizio energetikoa lortzeko lan egiten duen erakunde bat izateko eraldatu behar du, efizientzia, kontsumoa murriztea eta energia berriztagarrietan oinarritzen den eredua bultzatuz”.