Fracking Ez-ek frackingaren aurreko jarrera argitzeko eskatu dio Jaurlaritzari

Gobernuak “frackinga galarazteko posizio argirik” ez izatea kritikatu du plataforma ekologistak

Francking Ez plataformak euskal gobernuaren jarrera salatu nahi izan du gaur prentsa ohar baten bidez, “ez baitu inondik inora argi uzten frackinga galarazteko posizio argirik”.

Auzitegi Konstituzionalak Espainiako behin behineko gobernuak frakcingaren kontrako euskal legeari jarritako errekurtsoa tramitera onartu du aste honetan, legea baliorik gabe utziz. Albiste honen aurrean, Legebiltzarreko alderdi guztiak (UPyD izan ezik) gobernuari zuzendutako mozio bat adostu zuten ostegunean Jaurlaritzari honakoa eskatuz. Lehenbizi, “legea bertan behera utzitako erabakiaren aurkako helegitea ipintzea Eusko Legebiltzarrean erabakitakoa errespetatzearren”; bigarrenez, “SHESA enpresa publikoari frackingaren inguruko ikerketa, esplorazio zein ustiapenak ez egitea behartzea” eta, azkenik, “frackingera bideraturiko diru publikorik ez ematea.”

Baina, aldi berean, Arantxa Tapiak, Garapen Ekonomikorako sailburuak, Jaurlaritzak frakcingaren baimenekin aurrera egin dezakeela esan zuen. Fracking Ez plataformarentzat, “barregarria da frackingak inongo baimen sozialik ez duela entzutea, espainiar kongresuko komisio batean frackinga debekatzeko pausuak eskatzea, Eusko Legebiltzarrean euskal gobernuari frackinga ez bermatzeko eskatzea eta bitartean, euskal gobernuko kideak proiektuekin aurrera jarraitzeko asmoa erakustea”.

Beraz,  “Fracking Ez taldetik baimen guztiak indargabetzeko lanean hastea besterik ez diogu eskatzen euskal gobernuari eta alderdi guztiei, frackinga bezalako astakeria bat egitea onartuko ez dela argi utziz”. Datorren ostiralerako kontzentrazio ibiltari baterako deialdia zabaldu dute eta datozen egunetan zehaztasun gehiago emango dituzte.

 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *