Euskarazko umore antzerkiak Farelina lorategian

Irri-Barra gauak saioak abuztuaren 31an eta irailaren 1ean izango dira iluntzeko 20:00etan

Bigarren urtez Falerina lorategiak Irri-Barra gauak umore antzerki saioak hartuko ditu Oihaneder Euskararen Etxearen eskutik. Aurten abuztuaren 31n eta irailaren 1ean izango dira, iluntzeko 20:00etan. Zehazki abuztuko azken egunean “Erbeste, edo saihets baten aldarrikapena” antzezlana eskainiko du Anodino Teatroa taldeak. Irailaren lehenengoan “Ni ala zu” antzerki musikatuaren txanda izango da. Obra guztiak doakoak izango dira sarrera librearekin lekuak bete arte.

Lehen egunean, abuztuaren 31n Anodino Teatroa antzerki taldearen “Erbeste, edo saihets baten aldarrikapena” antzezlana izango da, Aitor Fernandino eta Getari Etxegarai aktoreekin. Lan honek Eva eta Adanen istorioa kontatzen du, baina Evaren ikuspegitik. Izan ere, bidean hainbat gezur, gaizki-ulertze eta egia ustelak aurkituko dira. Anodino Teatroa komedia gazi-gozoaz baliatuko da gaur egun emakume eta gizonen artean mantentzen diren ezberdintasunak salatzeko. Matxismoaren sustraia bilatzen historiaren hasierara joan dira, eta hantxe aurkitu dute Adanen paradisua eta Evaren infernua.

Bigarren egunean, irailaren 1ean, Joseba Usabiaga eta Iñaki Santos aktoreek “Ni ala Zu” antzerki musikatua ekarriko dute. Ni eta Zu musikariak dira: musikaria bata, musikarieroa bestea. Musikak gaixotutakoak dena daki musikaz, parean duen musikariak baino gehiago. Eta musikari handia dela kontatzen du, eta munduan barrena ibiltzen dela munduko kantari eta musikari ezagunekin… Kontua da, musikaz musika, abestiz abesti, aurrera goazen neurrian lausotuz joango dela ondo dagoenaren eta gaixo dagoenaren arteko marra. Eta bien bitartean, kantuak eta kantuak, doinuak eta doinuak… The Beatles eta Demis Roussos, Behin batean Loiolan eta Radetzkyren martxa, Mendian gora eta Albanoren Felicitá. Eta koloreak… Eta koloreen garrantzia.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *