Euskarazko hiru proiektu jarri dira martxan “Gazte Sortzaileak” bekei esker

Beñat Goitiaren, Iñaki Landaren eta Marina Suárez Ortiz de Zárateren lanak martxoan aurkeztuko dira

“Gazte Sortzaileak” bekeei esker euskarazko hiru proiektu garatuko dituzte hiriko hiru gaztek. Aurkeztutako sei proiektuetatik, Beñat Goitiaren “Isturitzetik Etiopian Barrena”, Iñaki Landaren “Story map” eta Marina Suárez Ortiz de Zárateren “Jainko bat” lanak izan ziren aukeratuak. Abuztutik dabiltza lanean gazteek eta lanak martxoan aurkeztuko dira.

‘Isturitzetik Etiopian Barrena’ musika, literatura eta zinema uztartzen dituen lana da, egilearen hitzetan.  Iñaki Landa kazetariak, berriz, Gasteizko kultura alternatiboan oinarritutako ‘story map’ bat osatu nahi izan du, hau da, testuak, argazkiak, bideoa eta audioa nahasten dituzten mapa alternatiboak. ‘Jainko bat’, azkenik, koreografia, arkitektura, olerkia, soinua eta plastika nahasten dituen lana da, Marina Suárez Ortiz de Záratek idoloei buruz duen ikuspegia erakusten duena.

Gasteizko Udalak euskarazko kultur ekimen originalak nahi zituen, tamaina txikikoak, eta bereziki ahozkotasunarekin lotuak: antzerkia, bakarrizketa, poesia, musika, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak edo genero horien arteko nahasketak. Orobat, alderdi hauek hartu dira aintzat: aurkeztutako ideien originaltasuna, proiektuen betekizun tekniko eta ekonomikoak, genero-berdintasuna sustatzea eta tolerantzia eta kultura aniztasuna bultzatzea.

Hiru proiektuak aurkeztuko dira 2017ko martxoan:

‘Story map’

Iñaki Landa kazetariak Gasteizko Kultur alternatiboaren story-map-a sortuko du, hau da, mapa interaktibo bat. “Ohiko mapak dira oinarrian baina testu, argazki, bideo edo soinuekin eguneratuak”, azaldu du.

Gasteizko arte eta kultur alternatiboaren story map-a burutzea du helburu Iñaki Landaren proiektuak baina, bukatzeko, erreportaje esperimentala egingo dutela iragarri du. “Gasteizko gazte sortzaileen istorioak kontatuko ditugu. Sormen istorioak. Batzuk ezagunak eta beste batzuk ezezagunak”.

Otsailaren 11a eta 18an Oihaneder Euskararen Etxean eskainiko dituen ikastaroetan, “hurbiltzen diren herritar guztiei” story map eta kontakizunak XXI. mendeko paradigmara ekartzeko klabeak azalduko dizkie kazetari gasteiztarrak. Izena emateko Iñaki Landarekin harremanetan jarri behar da honako helbide honen bidez: landa.ina@gmail.com

Aurkezpena martxoaren 16an izango da.

‘Isturitzetik Etiopian Barrena’

Isturitzetik Etiopian Barrena ikuskizuna musika, literatura eta zinearen uztartze bat da, Beñat Goitiak sortua. Isturitzetik Etiopiarako, des-paradisurako, deserturako, finean, heriotzerako bidaia egingo duen pertsonaia bederatzi zirkulutan zehar murgilduko da, azken eztanda jasan arte. Diziplina anitzeko kontzertu literario teatralizatua.

Musikaren atalean, euskal arte kostunbristaren eta abangoardiakoaren arteko talkatik sortutako pasarte atmosferikoek bustiko dituzte poesiaren tarteak, Adrian Puck DJaren elektronika Goitiaren gitarrarekin nahasiz.

Literatur arloan, Joxanton Artzeren Isturitzetik Tolosan Barrena eta Bernardo Atxagaren Etiopia izango dira literatura pasarteen sostengu. Bi lan hauetatik abiatuko dira pertsonaia oinazera eramango duten 9 urratsak.

Zinean, Aitor Zarzuelo lasartearrak ikuskizun honetarako berariaz zuzenduriko “Desparadisua” laburmetraiak zirkuluen gordintasunean barneratuko gaitu eta Ibon Esparzaren argazki zuzendaritzak Arantzazuko elurrezko desertu profetikoan kokatuko du pertsonaia, iluntasunaren ilunean desagerrarazi arte.

Oihaneder Euskaren Etxean, martxoaren 23an, 19:30ean izango da estrenaildia.

‘Jainko bat’

Jainko bat lanak Idoloa bilatzen du, gora begiratzera probokatzen digun idoloa. Gorputza miatu eta barrukoa ikutuz irudiak sortzen dituen idoloa. Irudikazioa. Munduz eraikitako mudu bat. Mundua. Idoloz beteriko irudimen bat ulertu eta sortu nahi du. Idoloa gorpuztu, azaleratu, muskulatu, jantzi, entzun, jo. Idoloa agertaraztea norberaren barrunbetik atera nahian bilatzen du Jainko bat obrak.

Historia besteen istorioez eraikitako istorioa da. Guzti horiek idoloak dira eta norberak hamaika daramatza barruan. Jainko bat lanak barrukoaz eta kanpokoaz hausnartu nahi du: bestea eta norbera, hangoa eta hemengoa, haiek eta ni, nia eta bestea, taldea eta banakakoa, ikusten dena eta ez dena ikusten… Egunerokotasuna eta sakratua denaren arteko leku goraipagarri hori.

Martxoaren 26an, 19:00etan, Baratza aretoan aurkeztuko da.

OTROS ARTICULOS

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *