Udal-liburutegiek Euskaldunen Topagunearen “Irakurri, Gozatu eta Oparitu” ekimenean hartuko dute parte

Kanpaina martxoaren 20tik maiatzaren 31ra garatuko da hirian eta beste 51 udalerritan

Euskaltzaleen Topaguneak “Irakurri, gozatu eta oparitu” egitasmoaren  edizio berri bat jarriko du martxan, hamaikagarrena, hainbat euskara elkarte, udal-liburutegi eta liburu dendekin batera.

Gasteizen, zenbait liburu dendek ez ezik, udalaren sareko 21 liburutegiek hartuko dute parte. Proiektua Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako 52 udalerritan garatuko da.

“Irakurri, Gozatu eta Oparitu” ekimenak hainbat berrikuntza ezarri zituen hamargarren edizioan eta horien balorazio positiboa oinarri, aurtengoan mantendu egingo ditu. Alde batetik, Patxi Zubizarreta idazleari eskaturiko 50 liburu gomendatuen zerrenda eta, bestetik, egitasmoak eskaintzen dituen abantailak bateratzea.

Irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen egitasmo honek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera  sustatuz. Egitasmoak, parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez, eta liburua opari bihurtzera gonbidatzen du.

Berrikuntzen artean, liburuak eta horiek elkarri oparitzea sozializaziorako tresna bihurtzearena nabarmendu dute antolatzaileek. Taldekako dinamika dituzten; irakurle txoko, mintzalaguna-mintzakide-berbalaguna, ikastalde, kultur talde eta abarretako kideei liburuak elkarri oparitzea, irakurri ondoren  trukatzea eta irakurritakoa kontrastatzea proposatuko zaie, taldeen dinamika eta kideak aberasteko praktika gisa.

2017ko edizioaren beste berrikuntza garrantzitsu bat egitasmoaren hedadurarena da. Aurten 52 herritan jarriko da martxan, inoizko kopururik handiena, eta lehengo aldiz egingo da bi hiriburutan, Iruñea eta Gasteizen, eskaintza  aurreko urteetan baino 450.000 pertsona gehiagorengana helaraziz.

Egitasmoa tokian tokiko euskaltzaleen elkarteen, Udalen,  liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker gauzatzen da, eta herrietako eragileen arteko harremanetarako tresna izan nahi du.

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:

1)      Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu.

2)      Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli , eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

3)      Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.

Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu  %35 merkeago erosteko  aukera  emango digu.

Horrez gain, apirila eta maiatza bukaeran, liburutegi bakoitzean 30€ko balioa duen txeke baten zozketa egingo da, hilabete horretan irakurle fitxa bete dutenen artean. Txeke berezi horrek, besteek bezala, euskarazko liburuak erosteko aukera emango du.

Behar duenari irakurri nahi duenaren aukeraketan laguntzeko, egitasmoak zabalduko duen azalpen diptikoan  50 liburu-gomendioen zerrenda joango da,  bost adin tarteka sailkatuta. Zerrenda hori baina, ez da muga izango ez liburutegiko liburua aukeratzerakoan ez txekearekin beste bat erosterakoan, horretarako euskal literatura osoa dago eskuragai.

Martxoaren 20an abiatuko da  “Irakurri, Gozatu eta Oparitu”ren 2017ko edizioa, eta maiatzaren 31n amaituko da. Hortaz, ia bi hilabete eta erdiko iraupena izango du kanpainak liburutegietan, baina erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea  ekainaren 10 artekoa izango da.  Aurten ere, egitasmoa udaberriko  hilabeteetan garatuko da, alde batetik, liburutegietan garai hobea izaten delako, eta bestetik, liburu-opari eta trukeen  dinamika, opor aurreko  hilabetetan eginez  “udako liburua” opari hartutakoa izatea sustatu nahi delako.

OTROS ARTICULOS

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *