Erro, musika zigilu gasteiztar berria

Izaki Gardenak, Montauk eta Joseba B. Lenoir taldeetako kideek sortu dute eta euren lanak kaleratuko ditu lehenbizi

Izaki Gardenak, Montauk eta Joseba B. Lenoir taldeetako kideek indarrak batu eta musika zigilu berri bat sortu dute, Erro. Gasteizen sustraitutako diskoetxea da eta bertan eta bertatik aritu da. Kaleratu egingo dituen lehen lanak Erroren sortzaileenak izango dira. Joseba B. Lenoirren singlea plataforma digitaletan dago jada eta udazkenean aurkeztuko dituzte Izaki Gardenak eta Montauk taldeen lan berriak.

2018ko neguan hasi zen ideia sortzen. Aurretik hainbat modutara diskoak kaleratu zituzten hiru taldeek, eta hurrengoetarako autoekoizpenera jotzea zuten asmoan. Nor bere lanen jabe %100 izatea zuten helburu. Honek, ordea, gehienetan bakarka aritzea dakar, eta horrek, besteen esku uzten ez den lana norberak egin behar izatea. Hortaz, lan hauek elkarrekin egiteko asmoak elkartzera eraman ditu.

“Basoetan, zuhaitz bakoitzak bere sustraiak botatzen ditu. Bakoitza bere gisara  errotzen da. Baina basoa ez da zuhaitz soilen multzokatzea. Denborak zuhaitz ezberdinen sustraiak elkar lotzen ditu, basoko lurrari indar emanez eta basoa baso eginez. Kantua da gure basoa. Lur berdina konpartitzen dugun zuhaitz ezberdinak gara eta sustraiak elkar errotzea erabaki dugu“, azaltzen dute euren webguneko aurkezpenean.

Zigilu kide diren taldeek badute musika estiloan antzekotasunik, AEBko soinuetarako joerarik, zigiluari estilo uniformetasun bat ematen diona. Baina aurrera begira beste estilo batzuetako taldeei ateak zabalik utzi dizkiete.

Hiru taldek sortu dute Erro eta talde horien lanak kaleratuko ditu lehenbizi. Lehenengo erreferentzia, eta dagoeneko plataforma digitaletan aurki daitekeena, Joseba B. Lenoirren singlea da, baina Izaki Gardenak eta Montauk taldeek udazkenean kaleratuko dituzte euren diskoak, biak ala biak datorren astean sartuko baitira grabaketa estudioan.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.