Errekaleor Bizirik-ek “eztabaida publiko baterako deia” luzatu dio Urtarani

Gizarte Etxeetan hitzaldi ziklo bat hasi dute Gasteizko herritarrek auzoaren inguruan dituzte zalantzak argitzeko

Errekaleor Bizirik-ek hitzaldi ziklo bat abiarazi du Gasteizko auzo desberdinetan herritarrei proiektuaren nondik-norakoak azaldu eta zalantzak argitzeko. Ziklo honen barruan, Gorka Urtaran alkateari gutun bat helarazi zioten “udalaren eta hiritargoaren elkarrizketa bermatzeko”. “Ulertzen dugu, udal gobernuak pauso erabakigarriak eman dituela eta emango dituela, Errekaleorren etorkizuna guztiz baldintzatuko dituenak eta horiek, hiritargoari azaldu behar zaizkiola. Tamalez, gure eskaerak ez zuen erantzunik jaso”, azaldu dute.

Gutunean “eztabaida publiko baterako deia” luzatu zioten alkateari auzoaren inguruan dituzten “iritzi kontrajarriak” azaldu eta eztabaidatzeko, hausnarketa “sakon eta gardenago” bat garatzeko.

“Argi dago Errekaleorren garatu dugun proiektuaren, egungo egoeraren eta etorkizunean auzoak izan beharko lukeenaren inguruan iritzi kontrajarriak dauzkagula”, agertu zuten gutunean. “Gasteizko herritarrek prentsak jasotzen duenaz haratago, zure zein gure asmoak modu zuzenean ezagutzeko eskubidea dutelakoan gaude”, gehitu zuten.

Horretarako, “eztabaida publiko” bat antolatzea proposatu zioten. “Badakigu Errekaleor bizirik! proiektuak oinarri eta argudio sendoak dauzkala eta mahai gainean jarri nahi ditugu. Imajinatzen dugu zure kasuan ere horrela izango dela eta ez duzula arazorik izango proposamen honi heltzerako orduan”, nabarmendu zuten. “Tokia eta moderatzailearen aukeraketa” alkatearen esku utzi dute, baina “herritarrek galderak egin eta zalantzak aurkezteko aukera izateari garrantzitsua” dela agertu zuten. Kolektiboak adierazi duenez, ez dute erantzunik jaso Udaletik.

Hitzaldi zikloa zalantzak argitzeko

Bestalde, hitzaldi ziklo bat antolatu dute Gizarte Etxe desberdinetan Errekaleor biziberritzeko proiektuaren inguruan herritarrek izan ditzazketen zalantzak argitzeko. “Errekaleor bezalako gai bat, kontrobersiaz inguraturik dagoela eta maiz zalantza zein interes asko pizten dituela jakitun, Gasteizko hiritargoari guztiz irekia litzakeen espazioa sortu nahi genuen. Auzoaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz mintzatzea dugu helburu, sortu daitezkeen zalantza guztiak, edo behintzat gure esku daudenak, argitu nahiko genituzke”, azaldu dute.

Auzoaren arabera, saioak euskaraz ala gazteleraz izango dira eta gonbidatu bat izango da bertan “bere ikuspegia txertatuko duena”. “Gonbidatu hauek ‘Errekaleorri Bai’ plataformako kideak izango dira, kultur eta politika arloko pertsonai esanguratsuak, alegia. Horien artean, Blanca Urgell, Txema Ramirez de la Piscina edota Juan Ibarrondo izango ditugu”, esan dute.

OTROS ARTICULOS

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *