Eragile desberdinek antolatuko dituzte Martxoak 3ko mobilizazioak

Sindikatuez gain, mugimendu feministak paper nabarmena izango du aurtengo ekimenetan

1976an poliziak 5 langile hil zitueneko 42. urtemuga izango da larunbatean eta egun hortarako antolatu diren ekimenak aurkeztu dituzte. Aurten, sindikatuez gain mugimendu feministak ere paper nabarmena izango du.

“Gure hiriburuan aktiboak diren eragile eta sindikatuok elkarlanean egingo dugu eguna. Gaur, inoiz baino gehiago, aldaketa sozialerako apostua egiten dugunok batera atera behar gara kalera”, azaldu dute. Hori dela eta, “gizarte frakturatu bat” eraiki nahi duen sistema kapitalistaren aurrean sortzen diren esperientziak “batzeko gai” izatearen beharra azpimarratu dute.

Larunbateko mobilizazioa hiru atal izango ditu. Lehenbizi, Martxoak 3ko plazan ekitaldia izango da 18:30etan. Eragile sozialek eta sindikatuek adostatuko manifestuaren irakurketa egingo da, bai eta Martxoak 3ko Elkartearena. Manifestazioa 19:00etan hasiko da, hiru pankartekin, Andra Mari Zuriaren plazaraino. Lehen pankarta herri mugimenduen emakumeek eramango dute, bigarrena Martxoak 3ko Elkarteko kideek eta hirugarrena mugimendu feministak. Manifestazioa amaitzerakoan, mugimendu feministak hartuko du hitza.

Beste ekimen batzuk

Urtemugaren harira, martxoaren 1erako ekimen berezia antolatu du Martxoak 3ko Elkarteak. 1977an grabatutako dokumental baten emanaldia egingo da Aldabe Gizarte etxean 19:30etan, Carles Cabrelles egiletako batekin. ‘Volver a Vitoria, 3-3-76‘ lana Cabrelles eta Miguel Montesek egin zuten sarraskia eta urtebetera. “Denbora asko pasa da guk lan honen berri jakin gabe, baina orain gure memoriaren zati hau berreskuratuko dugu”, azaltzen dute elkartetik.

Bestalde, Euskal Zinemaren Astearen barnean, 1976ko gertakariak biltzen dituen pelikularen trailerra estrenaituko da martxoak 3an bertan Vital Fundazioaren Dendarabako aretoan 20:00etan, Victor Cabaco zuzendaria eta zenbait aktorerekin.

Agur 78 mugimenduak ere egitarau berezia antolatu du urtemuga dela eta. “Egun borroka-bide luze horretan berresteko hautua egiten dugu eta kapitalismoari alternatiba eraikitzeko apustua egiten dugu”, agertu dute. “Urriaren 12an egin genuen moduan, lekukoa hartu eta gazteok borrokan arituko gara. Pedro María, Romualdo, Jose eta Bienvenido bihotzean, 1976tik aurrera eramandako langileen borroka bururaino eramango dugu, erregimen ustel honekin apurtuko dugu”.

Argazkia: Hala Bedi

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.