“Elkarrekin bizitzen ikasi” programa abian da

Bizikidetza sustatzea helburu, mahai-inguruak, erakusketak eta Janeren ibibilde berri bat antolatu ditu Udalak

Abian da jada “Elkarrekin bizitzen ikasi” programa, bizikidetza sustatzea helburu duena. Horretarako, mahai-inguruak, erakusketak eta Janeren ibilbide berri bat antolatu ditu Udalak urtarriletik ekainera luzatzen den egitarauaren barnean.

Urtarrilaren 16an eman zitzaion hasiera 2018ko jardueren agendari, Gervasio Sánchezen “Sarajevo:  gerra eta bakea” argazki-erakusketa inauguratu baita Montehermoso kulturunean, Lankidetza Zerbitzuak antolaturik.

Jardueren arteko nabarmengarriena elkarbizitzarako komunikazioa izeneko topaketa dugu, zeinean kazetariak, giza eskubideen inguruko adituak, iritzi-liderrak eta gizarte ekintzaileak elkartuko baitira. David Diaz Jogeixek egingo du sarrera, “Giza eskubideak eta komunikabideak alor lokalean” hitzaldiarekin; talde (etniko, erlijioso zein sozial) anitzenganako etsaitasuna eta estigmatizazio prozesuen arrazoiak ulertzen lagunduko digu. Hitzaldiaren ostean, bertaratuek deontologia profesionalaz eta kazetarien praktikaz eztabaidatuko dute, giza eskubideen ikuspuntutik; batik bat, tokian tokiko informazioan praktika onekin aurrera egiteko garrantziaz, zailtasunez eta erronkez mintzatuko dira. Urtarrilaren 30ean izango da, 16:00etatik 18:30era, Montehermoso kulturunean.

Otsailaren 15ean, 19:00etan, Montehermoso kulturunean, partekatutako memoriei buruzko mahai-ingurua izango  da, “Elkarbizitzarako adostasun eta memoria ahalegina maila lokalean”.  Joera politiko ezberdinetako alkateak dituzten udalek hartuko dute parte, “Memoria partekatu baterantz” txostenak lantzen lagundu dutenak.

Martxoan bi data seinalatu daude: batetik, Gasteizko martxoaren 3ko gertakarien oroitzapenezko ekitaldiak; bestetik, martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Intxorta Kultur Elkartearekin batera “EMEEK EMANA” argazki-erakusketa antolatu da, zeinean memoria historikoa emakumeen ikuspuntutik lantzen baita. Testuinguru eta gai berarekin bi jarduera osagarri izango dira: martxoaren 6an, Zuriñe Rodríguez Larak eta Julia Monge Sarabiak “Emakumeen esperientzia kolektiboa eta historikoa berreskuratzen” hitzaldia emango dute, mikrofonoetatik urrun egon diren kontakizun alternatiboak jasotzeko orduan beti egoten diren zailtasunak eta aurrerapausoak partekatzeko xedez.

Martxoaren 14an, berriz, Javier Larrauriren “La luz de aquella tierra” dokumentala proiektatuko da; 1940ko hamarkadan Mexikora erbestera joatera behartuak izan ziren emakume errepublikarren istorioa kontatzen da, eta gaur egun beren herrialdeak halabeharrez uzten dituzten pertsonek haiekin dituzten antzekotasun nabarmenak aurkitzea proposatzen.

Aipatutakoez gain, beste ekintza hauek sartu dira programan: apirilean, “Kontakizunak” jardueraren bigarren edizioa; maiatzean, Janeren ibilbidea, Abetxukun, ekainean, ibilaldi interkulturala eta Herritartasunerako Eskola Irekiak antolaturik, Daniel Innerarityren hitzaldia, bizikidetza demokratikoaz.

Amaitzeko, Janeren ibilbideen “aniztasun funtzionaletik begira”  jardueraren bigarren edizioa egingo da; hiriak dauzkan gabeziak eta abantailak aztertzeaz gain, ehun sozial eta komunitarioari ere erreparatuko zaie, pertsona ororentzako espazio eta zerbitzuen irisgarritasun eta erabilera berdintasuna bultzatzearren.

Nerea Melgosa zinegotziak gogoratu du aurten Giza Eskubideen Adierazpenaren 70. urteurrena betetzen dela, eta “Elkarrekin bizitzen ikasi” programak bat egingo du ospakizunarekin bere ekitaldi guztietan, “Eskerrak giza eskubideei” lema txertatuz.

Elkarrekin bizitzen ikasi” programa 2016an sortu zen, Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuaren arlo bakoitzean (bakea eta giza eskubideak, dibertsitate funtzionala eta kulturaniztasuna) pertsona eta talde esanguratsuen artean espazio didaktikoak eta trukatzeko espazioak sortzeko asmoz. Aniztasuna era eraikitzailean lantzeko estrategiaren zatia da, giza eskubideak, bakearen kultura eta aniztasuna kontuan hartzen dituen bizikidetzaren alde egiten duen hiri bat sortzeko xedez.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.