Azazetako hilketak eta Gernikako bonbardaketa oroitzeko ekimena

“1937-2017 Oroimenetik-Askatasunera” lelopean, hitzaldi, erakusketa, dokumental eta ekitaldi politikoa izango dira

Aurten Azazetako sarraskiaren eta Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena ospatuko da. Bi gertakariak oroitzeko “1937-2017 Oroimenetik-Askatasunera” ekimena aurkeztu zuten atzo eta jarduera desberdinak antolatu dituzten astean zehar.

Hitzaldi, erakusketa, dokumental baten emanaldia eta ekitaldi politikoa antolatu dituzte ekimenaren barnean. Apirilaren 2ra arte “Kondor Legioa Euskal Herrian” argazki erakusketa egongo da ikusgai Hala Bedi tabernan eta gaur arratsaldean, 19:00etan, “Los otros Gernikas” hitzaldia izango da M3moria gunean. Bihar “Markak” dokumentalaren emanaldia izango da Oihaneder Euskararen Etxean (19:00etan). Jarduerei amaiera emateko ekitaldi politikoa izango da apirilaren 2an, 12:30etan, Gasteizko plaza Berrian “Oroimenetik askatasunera” lelopean.

Ekimenarekin batera manifestu bat aurkeztu zuten. “80 urte igaro direnean, suntsitu nahi zuten herriak zutik dirau”, adierazten dute bertan. “Hemengo herritarren borondatea, hitza eta erabakia muga bakarra izanik guk geuk inolako kanpoko eskuhartzerik gabe, gure etorkizuna marrazteari eta gure nazioa antolatzeari ekingo diogu”, gehitzen dute.

Aldi berean, Gerkina-Azazeta lelopean antolatu diren jardunaldietan parte hartzeko gonbidapena luzatu dute. “Gernikako Txoriak egin duen deialdi zabalarekin bat egin nahi dugu: Euskal Herri osoko herritarrei bonbardaketaren 80. Urteurrenaren harira, antolatutako ekimenetan parte hartzera animatzen zaituztegu bereziki, apirilaren 16an Gernikan egingo den Aberri Egunean eta apirilaren 26an antolatu diren ekitaldietara”.

Bestalde, Udalak , Arabako Foru Aldundiak, Arabako Batzar Nagusiek eta tokiko instituzioek omenaldia egingo diete larunbat honetan apirilak 1, ‘Azazetako 16 erailei’, sarraski frankista horren 80. urteurrena dela eta. Urkullu lehendakaria buru izango duen ekitaldi honen asmoa da Arabako Lurralde Historikoan frankismoak eragin zituen biktima guztiak ere oroitzea.

1937ko martxoaren 31an guardia zibil, errekete eta falangista talde batek 16 arabar erail zituen Azazetan, ondoren hobi komunetan lurperatuz. “Jarduera errepresibo bakar batean eragindako biktima zibilen kopuruaren aldetik, Azazetako sarraskia aparatu frankistek Araban burututako hilketa handiena da”, nabarmentzen dute manifestuan.

OTROS ARTICULOS

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *