999 halabelarri lortzeko erronkarekin ospatuko du Hala Bedik 35.urteurrena

Horrez gain, urtean zehar ekimen desberdinak antolatuko dituzte, asko beste eragileekin elkarlanean

Hala Bedi irratiak 35 urte beteko ditu 2018an. Ibilbide horri jarraipena emateko helburuarekin, urteurrena 999 halabelarri lortzeko erronkarekin ospatuko dute. Aldi berean, urte osoan zehar ekimen desberdinak antolatuko dituzte, horietako asko beste eragileekin batera, eta barne-hausnarketa prozesu sakon bati itxiera emango diote.

“Iragana oroitu beharrean, inoiz baino indartsuago eta anitzago nahi dugu Hala Bedi, orain arte egindako bidean sakonduz. Etorkizunari begira. Herri mugimenduekin harremana sendotzen jarraitzea, 999 halabelarri lortzea eta proiektu komunikatiboa indartzea izango dira urtemuga borobil eta berezi honetako helburu nagusiak”, azaldu dute.

Irratia posible egiten duen komunitatea handitzeko apostua egin zuten apirilean, “Tortilari buelta ematera goaz” lelopean eta 666 halabelarrien langa historikoa gandituz. Orain, 999ra heltzeko erronka jarri dute martxan. “Handituz doan egitasmo komunikatibo libre hau posible egiten duena herritarren babesa da: HalaBelarriak dira, gure bazkideak, komunitate gisa sostengatu eta eraikitzen gaituztenak”, nabarmendu dute.

Horrez gain, hurrengo hilabeteetarako ekimen desberdinak antolatu dituzte herri mugimenduetako beste eragileekin elkarlanean. Apirilean Gasteizko Gaztetxearen urtemugan hartuko dute parte, maiatzean Gala Hala Bedi & Hala Bedi sariak banatuko dituzte eta Hala Bedi Rock jaialdia egingo dute Gaztetxean, ekainean Hala Bedi Maratoia eramango dute aurrera Judimendiko jaietan, abuztuaren 6an, irratiko lehenengo emisioa oroitzeko, Faroloien prozesioa egingo dute (“Uzten badigute, noski”) eta urrian OkupaTU Gasteiz egunarekin bat egingo dute.

Hausnarketa

1983tik hazi eta aldatu egin den proiektua izan da Hala Bedi. Urten hauetan zehar Hala Bedi bera eta testuingurua aldatu direla kontuan hartuz, barne hausnarketa prozesu bat jarri zuten martxan aurreko ikasturtean eta aurten emango diote itxiera. Bertan, “azken hamarkadetako eraldaketei erantzutea, kolektiboa berrantolatzea eta proiektuaren zutabeak berdefinitzea” landu dituzte, “bloke ezberdinetan banatutako eztabaida prozesuan: Hala Bedi Bat, Hala Bedi Bi, multimedia, antolakuntza eta prozesu feminista”.

Zailtasunak

Aurrera begira azaltzen diren erronkez gain, 2017an zehar bizitako zailtasunak ere gogoratu dituzte eta “oztopoak oztopo” komunikatzen jarraitzeko apostua berretsi dute.

“2017. urtean zehar, zailtasunak eta oztopoak ere izan ditugu bidean: abenduan, Eusko Jaurlaritzak Hala Bedi Irratia lizentziarik gabe utzi nahi zuela jakin genuen; otsailean, haize bolada batek Hala Bediren antena bota zuen Alde Zaharrean; maiatzean, Errekaleor auzoko argi mozketaren harira egindako lanagatik, Mozal Legea aplikatu zioten Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak Hala Bediko kazetari bati; gainera, azken hilabeteotan, mehatxu eta eraso faxista ezberdinak jasan behar izan ditugu, La Falangeren izenean.

Isilduko bagina erosoago sentituko lirateke batzuk, euren boterea eta zigorgabetasuna zalantzan ez jartzera ohituta daudelako. Baina oztopoak oztopo, gure lana egiten jarraituko dugu, orain arte egin dugun bezala eta etorkizunari begira eraikitzen ari garen proiektuaz harro”.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.